31 AOûT 2025 EDITORIALA Su-eten proposamenari su gehiagorekin erantzun dio Israelek Azken erasoaldi militarra abiatu zuenetik bi urte betetzear direla, Israelek marra gorri berri bat gainditu du aste honetan, Nasser ospitaleari eraso egin eta sei kazetari hilda. Gertakarien hurrenkera bera lazgarria bezain adierazgarria da: lehenik ospitalea bonbardatu eta Al Masri kazetaria hil zuen, lanean ari zela. Kideak eta erreskate taldeko profesionalak laguntzera joan ziren eta orduan bigarrenez su egin zuen, nazioarteko lege oro urratuz. Bigarren bonbardaketa zuzenean eman zuen Egiptoko Al Ghad telebista kateak, eta, bertan argi eta garbi ikus daitekeenez, sarraskia guztiz neurtua izan zen. Alabaina, Israelgo Gobernuak bere ardurari muzin egin nahi dio beste behin. Ospitalearen aurkako erasoa aldarrikatu bazuen ere, «behar ez zen pertsonei egindako edozein kaltegatik» atsekabea agertu zuen -ospitaleko paziente, senide eta langileak kaltetu beharreko pertsonak ziren, agidanez-. Bide batez, barne ikerketa abiatu duela azaldu zuen, nahiz eta jakina den ustezko ikerketa horiek ez direla sekula argitara ateratzen eta ez dutela inongo ondoriorik izaten. Aurpegia zuritzeko eta Mendebaldeko aliatuen krokodilo malkoak xukatzeko nahikoa dira, ordea. Gezurrak gezur, ez da ausazko erasoa izan, ezta albo-kaltea ere. Kazetariak jopuntuan ditu Israelek eta hauen aurkako jazarpena jarraitua izan da. Horren erakusgarri, 2023ko urritik 246 kazetari hil ditu Israelek. Bi eguneko ia bat, alajaina. Bizirauten dutenek, berriz, hamaika traba jasaten dituzte. Hasteko, nazioarteko kazetariak ezin dira bertaratu. Segitzeko, bertako kazetariek muturreko egoeran lan egin behar izaten dute: mehatxuak, zigorrak, atxiloketak, torturak... Gainera, Palestinako herrikideek bezalaxe, gosea eta bestelako lazeriak jasaten dituzte haiek ere. Hil berri diren kazetariak, esaterako, kanpin-dendetan bizi ziren eta batera egon ohi ziren seguruago sentitzeko. Zoritxarrez, baina, alferrik, olibondoen herria infernu bilakatu baitute eta ez baitago eremu segururik. Nafarroako ehunka kazetarik manifestu baten bidez salatu duten bezala, ekinbide kriminal horren xedea argia da: «Mundurako leiho bakarra isiltzea», genozidioa inpunitate osoz gauzatu dezaten. Hori ekidin nahi duten kazetarien ordainsaria, berriz, ezin gordinagoa: «Beren bizitza». OKUPAZIOA ETA GOSETEA Datozen aste eta hilabeteetan bide horretan sakondu nahi du Israelek. Egiptok eta Qatarrek egindako su-eten proposamenari ofizialki erantzun ez badio ere -aurreko negoziazioetan sionistek ontzat jotako akordioaren %98 jasota dago bertan eta Hamasek onartu du-, Israel aukera hori ekintzen bidez birrindu nahian ari da: Zisjordania kolonizatzeko eta Gaza hiria militarki okupatzeko planak onartu, 60.000 erreserbista mobilizatu... Itxura denez, protestak protesta, juduek ondotxo ezagutu eta jasan zuten “Azken Soluzioa” errepikatzea da Netanyahuren plana. Eta horren ondorioak gero eta muturrekoagoak dira: NBEen erakundeak aurreko astean Gazan «gosete egoera» deklaratu ostean, bertako haur eta gazteek «negar egiteko indarrik ere ez» dutela salatu du Save The Children erakundeak berriki. Ahituta, hau idatzi zuen haur batek: «Zeruan egon nahi nuke, non nire ama dagoen, non maitasuna, jana eta ura dagoen». ELKARTASUN ETA ERABAKIEN ESKALADA Babesa hartzeko magal bat, maitasuna, jana, ura... hori zeruan baino lurrean eskaini beharko litzaioke herritar eta haur orori. Zentzu horretan, erregimen sionistaren oldarraldi kolonialaren aurrean, ezinbestekoa da berori geldiarazteko elkartasunaren eta konpromisoen eskalada bat kontrajartzea. Eskala guztietan, irmoki eta orain, aitzakiak albo batera utzi eta hitzak lurreratzeko garaia da, jada berandu baita.