GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Eztabaidatzea ere beharrezkoa ez denean


Lakuako Gobernuaren ustez, pentsio txikienak gutxieneko soldatarekin parekatzea ez da beharrezkoa. Ondorioz, ez du aintzat hartuko horretarako osagarri bat sortzea proposatzen duen herri ekinaldi legegilea (HEL). Pentsa liteke pentsiodunen mugimenduak, aisialdi sobera duenez-edo, Parlamentura eraman duen burutazio bat baino ez dela; hala ere, nekez pasa liteke oharkabean «burutazio» hori ia 150.000 herritarrek sostengatu izana, Gobernu Kontseiluaren erabakiak atzo ez ikusia egin zion arren.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak HEL hori aurkeztu ahal izateko, lau hilabetean jasotako sinadura horiek eraman zituen Gasteizko Parlamentura, 100.000 pentsiodunentzat -horien bi herenak emakumeak- onuragarria den uste osoa zuela. Mikel Torres sailburuak atzo esan zuenez, aldiz, herri ekimena ez da beharrezkoa, eta azalpen hauek eman zituen, besteak beste: pentsioa jasotzen dutenen babesa sistemaren barnean txertatuta dago; pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea Estatuari dagokio, eta HEL hori praktikan jartzeak euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko luke. Horiek guztiak eztabaidagai izan litezke, baita behar beste eragozpen nahiz ikuspegi ere; hala ere, Gobernu Kontseiluak erabaki du eta ez dago zer eztabaidatua, nonbait. Izan ere, Kontseiluaren iritzia loteslea ez den arren, Parlamentuaren erabakia iragarri duela esan liteke, Gobernuko alderdien kontrako botoa nahikoa baita pentsiodunen proposamena besterik gabe atzera botatzeko.

Beharrezkoa da pentsiodunen proposamena? Oraingoz bi erantzun ditu galderak, Gasteizko Gobernuarena eta pentsiodunen mugimenduarena -eta horrekin batera dozenaka mila herritarrena-. Bi iritzi, itxura denez eztabaidarako tarterik ere izango ez dutenak. Aisialdi sobera daukaten pentsiodun horiek, nolanahi ere beren aisialdiaren tarte handi batean gure jendarteari antolakuntza, elkartasun eta adore lezio ederra ematen ari zaizkion horiek, ez ote dute beren argudioak parlamentu batean entzunak izatea ere merezi? Eurek ezagutzen dituzte ondoen aurre egin nahi dioten prekaritatea jasaten duten gizon-emakumeen -batez ere emakumeen- beharrak.