GARA Euskal Herriko egunkaria

Gu utopikook


Ikastolan ez zidaten itsaski eta itsasaldiei buruzko ezer irakatsi. 17 urterekin Espainiako Gurutze Gorrian lan egiteko “prestatu” nindutenean ere ezer gutxi, baina tira, horrek ez ninduen harritu, nire nagusiei ardura ematen zien gauza bakarra Diario Vascoren propaganda zuen kamiseta ez eranztea baitzen. Aitzitik, okerrena zen ez zidatela surf taularekin erreskateak egiten uzten. Oraindik gazteegia nintzen ulertzeko, pertsona batzuei boterea ematen zaienean, ez dagoela zer eginik.

Liskar handiena banderak aldatzeko baimena eskatu nuen arratsalde batean izan nuen. Nirekin lanean zen kidea, surflaria hura ere, ados zegoen marea erdira iristen zenean gauzak okertuko zirela eta eremua murriztearekin batera ur-ertzean lan egin beharko genuela. Nagusiak ezezkoa eman zidan. Ezin nuen konbentzitu, zeren hari itsasaldien abiaduraz hitz egitea txinoz hitz egitearen parekoa zen. Nire kideak ez ninduen babestu, baina ez nintzen harritu, PNVkoa da. Azkenean, korronteak ez ziren hain bortitzak izan eta ez genuen erreskaterik egin behar izan, baina lan hura utzi behar nuela ohartu nintzen.

Duela 32 urte izan zen, baina gauzak ez dira asko aldatu. Ikastolan haurrek ez dituzte ikasten itsaski eta itsasaldien nondik norakoak, Gurutze Gorriak espainiarra izaten jarraitzen du, eta gizakia, noski, ez da aldatu. Artean, itsasoak ezezagun izaten jarraitzen du, baita surflari, igerilari eta surf eskolentzat ere.

Badira oinarrizko zenbait gauza, ikasteko oso errazak direnak eta itsasoratzen den edonorentzat baliagarriak izan daitezkeenak. Garrantzitsuena oinarrizko kontzeptuak ongi ikastea da, zeren kontzeptu horiek gabe ezinezkoa da ezer ulertzea. Aurreko pasartera itzuliz, nire nagusiak nire azalpenak ez ulertzeko arrazoiaren funtsa horixe zen, oinarrizko kontzeptuak ez zituela ezagutzen.

Adibidez, itsasaldien artean 6 ordu daude, lehen orduan abiadura oso motela da, bigarren orduan azkartzen hasten da, eta hirugarren eta laugarren orduetan abiadura hirukoiztu egiten da. Gero, berriz abiadura moteltzen da bosgarren eta seigarren orduetan. Horregatik ikusten dugu gehienetan marea goian edo behean, erdian egon behar duen unean oso azkar mugitzen delako. Hau jakitea ezinbestekoa da ulertzeko momentu arriskutsuena marea erdian dagoenekoa dela, eta oraindik arriskutsuagoa dela marea biziak direnean (ilbetea edo ilberria), denbora gutxian metro asko egiten baititu itsasoak.

Gurutze Gorrian oinarrizko kontzeptuak ez irakastea uler dezaket, erakunde espainiarra baita. Baina kostaldeko herrietako ikastoletan oinarrizko irakaspenak ez lantzeak pena handia ematen dit, zenbait gauzetan desberdinak garela sinetsi nahi baitut. “Aiiiii, gu, utopikook,...”.