09 SEPT. 2025 DIASPORAREN EGUNA MARKINAN Zestalariak, «Euskal enbaxadore ezohikoak» Atzoko eta gaurko hogei puntista eta horien familiak omendu zituzten Markinako Pilotaren Unibertsitatean atzo ospatu zen euskal diasporaren zortzigarren ekitaldian. Imanol Pradales lehendakariak, bestetik, 1994an Eusko Legebiltzarrean aho batez onartu zen Diasporaren Legea datorren urterako berritzea espero duela argitu zuen. Orok Bat eta Zerutxu dantza taldeek omendu zituzten puntistak eta familiak. (Endika PORTILLO | FOKU) Arnaitz GORRITI Markinako Pilotaren Unibertsitatearen atarian giro ilun eta lardatsa izan zen atzo; euri txikia eta zeru goibela. Barrura sartzeko aukera aparta, bertako giro epelera, Euskal Diasporaren zortzigarren ekitaldiko omenaldiaren goxora. Atzerrian «euskal enbaxadore ezohiko» izan diren zesta-punta jokalariak izan zituen gogoan atzoko egun bereziak, eta, horrela, atzoko eta gaurko hogei puntista eta beren familiak omendu zituzten hilda edo atzerritik Euskal Herrira itzuli ezinik geratu ziren horien izenean ere. Horien artean zeuden izenak entzute hutsarekin txaloka hasteko gogoa ematen duten izen bereziak: Jose Antonio Illoro “Txikito Bolibarkoa”, Iñaki Osa Goikoetxea, Felix Espilla, Eric Irastorza, Jon Mendizabal “Goixerri”, Laurent Sorozabal, Roberto Gerenabarrena eta Kepa Ibarra. Bide bitartez, berriz, Alex Rekalde, Ernesto Arriaga eta Jose Mari Fernandez, «16 urterekin Markinatik maleta arropa baino ilusio gehiagorekin beteta joan zena eta 50 urteren buruan oraindik, Mexikon, Euskal Herriaz oroitzen dena», besteak beste. MURAL BAT DIASPORA OMENTZEKO Markinako herriko sarreran hasten da Diasporaren Egun hau. Argentinara gaztetan joan zen Andoni Irastorza donostiarraren bilobak, Mikele Irastorza mural egileak, murala osatzeari ekin zion atzo herriko sarreran, Diaspora Eguna gogoan; hemendik hamar bat egunera egongo da prest, baina dagoeneko badu presentzia nabarmena. Kaleko giroa desatsegin samarra izanik, Markinako ‘Uni’ delakoaren barruan euskal diasporako kide izan diren horiek goxotasun apur bat aurkitu zuten, ia metaforikoa. «Beren etxea utzi eta kanpora joan ziren askok ez zuten gozotik bakarrik bizi izan; latzetik pasa zuten eta beso zabalik hartu zituzten. Egungo mundu gatazkatsu honetan, zeinean gerrak edo genozidioak erasaten gaituen, guri dagokigu orain latzetik beren etxea utzi eta gugana datozen horiek beso zabalik jasotzea», adierazi zuen Iratxe Lasa Markinako alkateak. «AFFINITY DIASPORA» KONTZEPTU BERRIA Pilotak hainbat lurraldetan ordezkatu du Euskal Herria: Filipinetan, Amerikako Estatu Batuetan, Kuban, Mexikon, Espainian, Italian, Belgikan... Zesta-puntaren «urrezko garaian», 1978. urtean, hamar frontoi omen zeuden Miamin, eta berriz ere loraldia bizi duen sasoi honetan, puntistek beren omenaldia jaso zuten Euskal Herritik urrun beren jaioterria ahal bezain goren jarri zutelako, agian inork uste baino gorago. Ternuako Saint-Pierre eta Mikeluneko Orok Bat dantza taldearen eskutik hasi zen ekitaldia. Antza, 1906. urterako bazen pilotalekurik, Euskal Herritik hain urruti egonda ere. Protagonista omenduak sartzean hasi ziren ekintzak, giro epelean dantzak eta kantuak, pilotarien esperientzien bideoak eta Markinara bertaratu ezin izan zutenen esker onarekin batera. «Puntistok, Euskadi globala ehuntzen lagundu zeniguten. Gaur egun ez ginateke gai izango euskal pilotarien lanak herriarentzat izan duen inpaktua eta nazioarteko proiekzioa behar bezala kalkulatzeko», adierazi zuen Imanol Pradales lehendakariak. Puntistak «Euskadiren enbaxadore ezohiko» gisa errekonozitu zituen, hitz gutxitan. «Eskubide eta zerbitzuen esparru berri bat ezarriko du diasporarentzat» 1994an aho batez Legebiltzarrak onartu zuen legearen berritzeak. «Legeak ‘Affinity Diaspora’ kontzeptua txertatuko du; Euskadirekin lotura emozional, kultural, digital edo politikoak dituztenen kidetasuna irekitzen da kontzeptu honekin. Era berean, laguntza eta informaziorako leihatila bakarra», laburbildu zuen omenaldia amaitzeko lehendakariak. Pradales: «Gaur egun ez ginateke gai izango pilotarien lanak herriarentzat izan duen inpaktua eta proiekzioa behar bezala kalkulatzeko»