12 SEPT. 2025 GAZTA ZATI BAT Jose Inazio Ugartemendia: «Sei-zazpi litro esne erabiltzen ditut kilo bat gazta egiteko» (Jose ZALDUA | FOKU) Angel LASA Behin helburua jarrita, lortu arte atzera egiten ez duen horietakoa da Jose Inazio Ugartemendia. Umetatik ardiekin atera nahi izan zuen bizimodua, baina etxean sailik ez zeukatenez, beste lanbide batzuetan aritu behar izan zen gaztetan. Alabaina, eskuratu zituen ardi gutxi batzuk, aisialdian haiek zaintzeko, eta erosi zuen hektarea bateko saila. Apurka artalde ederra osatu zuen. Eta urratsa eginez, azkenean artzain eta gaztagile profesional bihurtu zen, bere jaiotetxearen izena (Gazpio) emanez Berastegin egiten dituen gaztei. Artzainen artean estimu handikoa da Andres Etxeberria Iztueta berastegiarra, bere denboran artzain izandakoa, lan asko egindakoa eta askori asko erakutsitakoa, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaion arte. Haren ustiategia Ugartemendiaren lantoki da gaur; han egiten du gazta 2015ean fabrika utzi eta denbora osoz lanbide berriari ekitea erabaki zuenetik. Ama eta amona etxean gazta egiten ikusitakoa zen, baina Etxeberriaren irakaspenekin -eta apunteekin- maila bat gora egin zuen gaztagintzan. Ondoren, urtero-urtero joan izan da Artzain Gazta elkarteak antolatzen dituen ikastaroetara. Azaroaren bukaerarako gazta egiten hasia izaten da, eta ekainera arte segitzen du, etengabe. Aurten, 55.000 litro esnerekin 8.000-8.500 kilo gazta egingo ditu. Hau da, 6-7 litro artean erabiltzen ditu batez beste kilo bat gazta egiteko: «Esnea oso lodia datorrenean, gutxiago behar da, jakina», dio. Oier semea Fraisoron ikasten ari da, eta gero eta gehiago ari da sartzen ustiategiko martxan. Gazta urdina egiten hastea gustatuko litzaioke, baina aitak uste du saltsa horietan sartu gabe ere badaukatela nahikoa lan betiko Idiazabal egiten, oraingoz behintzat. Naturala eta ketua, biak egiten dituzte.