13 SEPT. 2025 Okupazioa Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Zinemak memoria babes dezake, eta palestinarren oinak lurrari lotuta mantendu, filmak ametsak bezalakoak direlako, ideiak. Inork ezin ditu ametsak okupatu. Inork ezin ditu ideiak okupatu. Inork ezin du memoria okupatu… Inork ezin du zure irudimena okupatu». Rashid Masharawi palestinar zuzendariaren hitzak dira horiek, atzerriko egunkari batean irakurri berriak. Aurten Oscar sarietan atzerriko film onenaren atalean lehiatu den ‘‘Zero distantziatik’’ (jatorrizko arabiar izenburuaren itzulpena) ekoitzi zuen Masharawik. 2023-2024 urte bitartean Gazan bizi ziren hogeita bi palestinar zinemagileren film laburrekin osaturik dago filma. Bi urte horietan, Israel aurrera eramaten ari den genozidio betean, ikusitakoaren gainean gogoeta egiten du zinemagile bakoitzak bere lanean. Hasieran bere filma onartu, baina gero ezezko biribila eman zion Cannes-ko zuzendaritzak Masharawiri iaz. Orain arte politikari muzin egin ez dion jaialdi berak “polemika” saihestu nahi zuela adierazi zuen orduko hartan. Palestinari dagokionez, beti dago salbuespen bat. Okupazioak baditu mila aurpegi. Protesta modura, etxea suntsitu dieten palestinarrei emandako kanpadenden moduko baten barruan filmaren emanaldi bat antolatu zuen Masharawik Cannesen. «Ez diot jaialdi bati existitzen garen ala ez erabakitzen utziko», erantzun zuen zinemagileak.