GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugikortasun agente batek ez duela euskara behar ebatzi dute Donostian


Euskararen aurkako beste epai baten berri jaso du Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak. Udal honetako egonkortze prozesuan sartuta dagoen mugikortasuneko agente bati arrazoia eman dio epaileak: bere kasuan, euskara (bigarren hizkuntza eskakizuna) ez dela ezinbestekoa ebatzi du.

Batzorde honek salatu duenez, azken hilabete luzeetan epaileek, zenbait abokatu eta sindikaturen laguntzaz, euskararen aurka martxan jarritako oldarraldi indartsuak bere horretan jarraitzen du, euskaldunek Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eta lan egiteko duten eskubidearen urraketan urratsak eginez bata bestearen atzetik.

Sententzia honek berretsi du udal lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna jartzea ez dela legezkoa, nahiz eta udal langileek azken urteotan beren burua euskalduntzeko bitarteko guztiak jaso dituzten eta asko eta asko euskaldundu diren.

Donostiako Langileen Batzordeko gehiengoa osatzen duten ELA, LAB eta ESAN sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluarekin, ohar bat kaleratu eta bihar 12.30ean Alderdi Ederren elkarretaratzera deitu dute.

Era berean, epaiari aurre egiteko eskatu diote Udalari. Indar politikoetako arduradunei dei egin diete protestan parte hartzera. Azken epai hau salatu dezatela eta neurriak har ditzatela eskatu diete, euskara eta euskal komunitatearen eskubideak bortxatzen dituzten erabaki hauei aurre egiteko.