GARA Euskal Herriko egunkaria

Pentsiodunen HELa ez eragozteko eskatu diete sindikatuek EAJ eta PSEri

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk kritikatu egin zuten, atzo, pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako HELaz Lakuak egin duen txostena. Sindikatuen iritziz, EAJk eta PSEk «txosten juridiko bat aitzakiatzat hartu dute 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko». Horregatik, alderdiei Legebiltzarrean ekimena ez eragozteko eskatu diete.

Sindikatuek atzo Bilbon egindako agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk atzo EAJri eta PSEri eskatu zieten ez dezatela eragotzi 144.000 herritar baino gehiagoren sinadura jaso duen herri ekinaldi legegilea (HEL), eta salatu zuten bi alderdi horiek «txosten juridiko bat hartu dutela aitzakiatzat 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko».

Bilbon egindako agerraldian gogoratu zuten bost hilabetez jardun dela lanean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, HEL horren alde babesa biltzeko. Horren xedea da gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ekinbide horren aldeko 144.000 sinadura baino gehiago jaso dira, eta euskal gehiengo sindikalak prozesu horrekin bat egin du, baita bere ekarpena egin ere.

Hala ere, milaka sinadura horiek Gasteizko Legebiltzarrera iritsi zirenean Lakuako Gobernuak HELari buruzko txosten tekniko ez lotesle bat egin zuen, eta txostena ekinbidearen kontrakoa izan da. «Sindikatuok uste dugu txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa; aldiz, kutsu politikoa duen dokumentu bat da, eta horrek islatzen du Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez daukatela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko».

«Horrenbestez, EAJk eta PSEk galarazi egin nahi dute Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere», gaineratu zuten, irailaren 25ean Legebiltzarrean HELa bozkatuko dela gogoratuz: «Horregatik, alderdi politikoei eskatzen diegu herritarren halako babes handia izan duen egitasmoaren alde bozka dezatela. Auzi demokratiko bat da. Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia».

Sindikatuen esanetan, «HEL hori tramitera onartu ezean, langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, horiek jasotzen baitituzte saririk txikienak: askok ezta 700 euro hilean ere. Pentsioetan emakumeen eta gizonen arteko arrakala %40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten horrekin agerian utzi dute zaintza lana ez dutela aintzat hartu nahi: milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira, ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin».

«HEL hori aurrera ateraz gero, emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSrekin parekatuko bailirateke. Egun, 90.000 pentsiodunen sarrerak, gehienak emakumeak, LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten», zioten.

ELKARTASUNA ETA BABESA

Hori dela eta, gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Eta 25ean Arabako hiriburuan izango da, alderdiei gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela eskatzeko.

Pentsiodunek irailaren 5ean Gasteizen egindako agerraldian azpimarratu zutenez, «lotsagarria da Eusko Jaurlaritzak milaka pertsona ahulen interesak sakrifikatzea, beste alor batzuetan eztabaidatzen ari diren negoziazio edo interesen bitartez. Gure arrazoiak irmo defendatuko ditugu, proposamen hori bidezkoa, beharrezkoa eta premiazkoa delako».