16 SEPT. 2025 Politika Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Maite ditut sortzaileei egindako elkarrizketak, batez ere luzeak eta mamitsuak direnean. Euren sormen prozesuak, bizitzaren eta munduaren gainean egiten dituzten gogoetak eta horiek sorkuntza lanetan islatzeko bideak jakitea aberasgarria zait. Frederic-Ives Jeannet idazleak elkarrizketa luzea egin dio Annie Ernaux idazleari, ‘‘Idazketa laban gisa’’ (‘‘La escritura como un cuchillo’’, gaztelaniazko bertsioan) liburuan bildua. Nobel saridunaren erantzunak bere literatura-munduan barrena eramaten gaitu, bere gogoetak, kezkak, bilaketak idazlanetan errealitatearekin uztartzeko bidean. «Izan zen nire bizitzaren gertaeren bidetik errealitatearen eta literaturaren arteko gatazka bat, erabat aldatu zuena idaztearen nire ikuskera, kontzepzioa». Eta hausnarketa horiek irakurleari gogoetak eragiten dizkiote. Kontu zaharrak kontalaritzaren ardatz izanik, nola egin nezake egungo errealitatearen isla izan daitezen? Mendeetan barrena txiroen literatura izan diren kontakizunek, zeintzuek munduaren gaineko galderak eta kezkak islatzen dituzten, bizi gaituen jendarte honetan ba ote dute balio bera? Ados nago Ernauxek dioen honekin: «Idaztea, niretzat, ekintza politikoa da; alegia, mundua argitzen eta aldatzen lagun dezake, edo, aitzitik, dagoen ordenamendu soziala, morala, sendotzen». Bazen behin, gaur da.