21 SEPT. 2025 SIMON DE LA MONTAÑA Desberdinaren balioa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Simón de la montaña” filmeko protagonistak audifono bat erabiltzen du eta burua modu konpultsiboan mugitzen du. Xehetasun txiki bat irudi lezake, pentsatuko dute batzuek, baina, egiaz, aniztasun funtzionala duela simulatzen ari da, benetan desgaitasuna duten pertsonekin denbora gehiago partekatu ahal izateko. Filmak ez du soilik istorio pertsonal zehatz bat kontatzen; aniztasun funtzionalari, inklusioari eta identitateari buruzko eztabaidetan ere murgiltzen da, eta gizarteak desberdina dena baztertzeko duen joera salatzen du. Andeetako mendikatearen ertzean bizi da Simon, eta, bere ametsak errealitatearekin bat ez datozela sentitzean, aldatzea erabaki du. Helduaroak dakarkion etsaitasunezko lekutik ihes egiteko, eta kolektiboaren parte dela sinetsaraziz, aniztasun funtzionala duten gazte talde batean integratzea erabaki du. Filmak hurbiltasunaren eta behaketaren alde egiten du. Ez du efektu errazik bilatzen, ezta melodramarik ere. Kamera geldirik geratzen da, lagun modura, eta isiluneei arnasa hartzeko tartea eskaintzen die; horrela, une lasaiak une biziak bezain garrantzitsuak bihurtzen dira. Hortik sortzen da kidetasunari, desberdintasunari eta identitateari buruzko kontakizuna; “normaltzat” ulertzen duguna nola definitzea ere aztertzen du. Batzuetan tonuak zalantzak sortzen ditu: ez dakigu pertsonaien motibazioak gehiago azaldu nahi dituen, edo ikusleari hutsuneak osatzen utzi. Anbiguotasun horrek apur bat lausotu egiten du narrazioa. Film ausarta da. Deseroso sentiarazi, galderak egin eta ohiko zineman gutxitan agertzen diren pertsonaien ondoan egoteko tartea zabaltzen du. Ez da perfektua, baina zintzotasunean zein gordintasuna eta samurtasuna batzeko gaitasunean topatuko duzue honen indarra.