22 SEPT. 2025 PILOTA Jaka errematatzaile eta Iztueta jotzaile, ate handitik sartu dira Adarragara Tolosaldeko pilotariek osatutako bikotea oso nagusi izan zen atzo, San Mateoko lehendabiziko partidan, Larrazabal eta Mariezkurrena partidatik erabat ateratzeraino. Azken hauek bihar Dario eta Rezustaren aurka jokatuko dute dema erabakigarria. Martxel Iztueta, Adarragan protagonista, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA Uda amaitzear denean, sasoi honetako pilota jaialdi esanguratsuenak ere beren bukaerara iristen ari dira. San Mateotan murgilduta daude esku hutskako pilotariak, eta atzo, egun handiaren bezperan, Adarragako harmailetan giro paregabea zegoela, Jaka eta Iztuetak garaipen handia eskuratu zuten, partida lehen erdian apurtuta. Larrazabal eta Mariezkurrenak ohi baino pilota gehiago galdu zituzten -12 bien artean; horietatik 8, Berriozarko atzelariak-, eta horrek ere erraztu zuen bikote gorrien bidea. Hala ere, Jakak ETBri eskainitako adierazpenetan tinko esan zuen beraien «meritua» ere izan zela: «Zu sendo ez bazaude, horrelako bikote jotzaile bat gainetik pasatuko zaizu». Lizartzarrak sake-errestoan eta tolosarrak atzean ederki jota, segituan ireki zuten aldea: 5-0. Ordurako, Mariezkurrenak hiru galdutako pilatu zituen. Dena dela, urdinek aurkitu zuten nolabaiteko inspirazioa eta lehen tanto polita osatu zuten. Berriozarkoak ongi eman zion eta arabarra bizi mugitu zen aurrean, Jaka behartzeko. Eskuak berotu ahala, jotzen ere hasi zen Mariezkurrena, eta bosna berdintzetik gertu geratu ziren (5-4). Urdinek, ordea, jarraitutasun falta izan zuten. Gorriek sakea berreskuratutakoan, kostatu egin zitzaien partidan sartzea, eta lehen atsedenaldi luzerako aldea nabarmen handitu zuten: 12-4. «Martxelek [Iztuetak] ikuskizuna eman du. Eta ni, bere babesean, hazi egin naizen sentipena izan dut. Pilota eskutik biziago atera zaidala iruditu zait. Horrek konfiantzan hauspo handia eman dit. Gure sendotasun horren aurrean, normalean baino gehiago oparitu dute», laburbildu zuen Lizartzakoak. GATZA ETA PIPERRA Atsedenalditik bueltan, bi tanto kateatu zituzten urdinek (12-6) baina Jakak segituan berreskuratu zuen sakea, 17-8raino ihes eginda. Nolanahi ere, Larrazabal eta Mariezkurrena azken hitza esatetik urrun ziren. Hain goiz apurtu zen partida bati gatza eta piperra ematen saiatu ziren. Zailtasunean hazi egin zen atzelari nafarra, beterania puntu bat erakutsi nahian Larrazabal gazteari. Horma-biko izugarri batekin hauspotu egin ziren urdinak (17-10) eta aurkariak, berandu baino lehenago, etenaldia eskatzeraino behartu zituzten (17-12). Larrazabalek txokoan egindako batez (orotara, hiru egin zituen arabarrak) are gehiago presionatu zituen Jaka eta Iztueta, baina Mariezkurrenak, erabat berotuta, hartutako erabaki eskas batek kondenatu zituen. Bostetik bi pareta egitera ausartu zen, atxiki baten protestan, eta partidan sartzeko aukera guztiak hor amaitu ziren (18-13). JAI ALAI LIGAZesta-puntan, Jai Alai Liga azken txanpan bete-betean sartuta dago. Gaur, 19.00etan, bigarren finalerdiak jokatuko dituzte Donostiako Carmelo Baldan: Ortiz de Mendibil-Aldazabal vs. Gogenola-Goikoetxea eta Erkiaga-Gorka vs. Barandika-Lopez.