26 SEPT. 2025 Euskal saria? Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Euskal Zinemaren Irizar saria Zinemaldian ematen den aitorpenetako bat da, eta Euskal Herriko zinema ekoizpenak saritzea du helburu. Hautagai izateko baldintza nagusiak: «Mundu mailan estreinatzen diren eta gutxienez %20ko euskal ekoizpena duten, eta/edo hizkuntza nagusia euskara duten eta/edo euskal komunitateari lotutako film luze guztiak». Baldintzak hain “malguak” izanik, urtero sartzen dira zakura oso euskaldunak ez diren izenburuak. Aurten, “Los Tigres” pelikulak eman dit atentzioa. Azter dezagun: Hizkuntza nagusia: gaztelania. Zuzendaria, aktoreak eta lantalde teknikoa: espainolak. Ekoizle nagusiak: Kowalski Films, Feelgood Media, Movistar Plus+ eta Le Pacte. Hara! Hementxe zirrikitua: Kowalski Films SL, Oiartzualdean egoitza duen ekoiztetxe ezaguna, Koldo Zuazuak sortua. Gaurko kritikaren geziak, ordea, ez doaz ekoiztetxeari zuzenduak; alderantziz, sekulako lana egiten dute eta Zuazua izen handia eta erreferentea da. Baina zentzugabea eta iraingarria iruditzen zait “Los Tigres” Lurdes Iriondori buruzko dokumentalarekin, Nafarroako torturatuei buruzkoarekin, “Maspalomas”-ekin, “Karmele”-rekin eta abarrekin lehian egotea. Tira, arauak horiek dira, eta betetzen dituzten bitartean, erantzukizuna ez da filmeko lantaldearena, irizpideak egituratu eta erabakitzen dituztenena baizik.