GARA Euskal Herriko egunkaria
THE GIRLFRIEND

Nor da nor?


Londresen girotuta, Danielek, familia aberats bateko gazteak, Cherryrekin harreman sutsua hasiko du; Cherry jatorri xumeko emakumea da. Danielen amak, Laurak, ezagutzen duenean, bien artean tentsioa sortuko da berehala eta harremana bataila psikologiko bihurtuko da. Laura ziur dago Cherryk asmo ilunak dituela eta Danielekin duen harremana ez dela dirudiena. Cherryk, berriz, Laura ama kontrolatzaile eta obsesiboa dela uste du eta semea bere eraginpean mantentzeko edozer egiteko prest dagoela.

Egitura narratibo hori ehunka aldiz ikusi badugu ere, funtzionatzen du: pasarte berberak Cherryren eta Lauraren ikuspegietatik azaltzen dira, eta horrek ikuslea behartzen du zalantzan jartzera benetan zer gertatzen ari den eta nor ari den nor engainatzen. Bataren ikuspuntuan bestea da beti munstroa.

Istorioa azaltzeko modua alde batera utziz, aktoreen lana da telesailaren alderdirik sendoena; horien sorbaldek sostengatzen dute gidoi osoa. Wrightek ñabarduraz betetako pertsonaia landu du: babesa, jelosia, obsesioa eta zaurgarritasuna ditu ezaugarri. Cookek, aldiz, Cherry hezurmamitzen, xarma, anbiguotasuna eta karga emozionala nahasten ditu. Inguruan dauden gainerako pertsonaiak, berriz, narrazioa eta protagonisten gatazkak aurrera eramateko erreminta hutsak baino ez dira; nahiko pertsonaia lauak dira.

Telesailak ikaragarri harrapatzen du ikuslea, eta tentsio psikologikoa oso ongi maneiatzen du; ezustekoak bata bestearen atzetik pilatzen dira. Hala ere, une batzuetan gehiegikerietan erortzen da, eta sinesgarritasuna nabarmen galtzen du.

Gidoia nahiko tranpatia eta ahula da, eta oso ongi josiak ez dauden hari solte batzuk uzten ditu.