GARA Euskal Herriko egunkaria
KARMELE

Pantailan ehundutako oroimenak


Donostia Zinemaldian Sail Ofizialean lehiaz kanpo estreinatu ostean, zinemetara iritsiko da Asier Altuna zinegile bergararraren azken filma: “Karmele”.

Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobela du oinarri filmak, eta Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzak kontatzen ditu. Eneko Sagardoy, Jone Laspiur, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran dira aktoreak.

Eleberria, era berean, Urresti eta Letamendiren benetako bizitzetan inspiratuta dago. Zortzi hizkuntzatara itzulita dago eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Kritika Sari espainola (euskarazko narratibari) eta 111 Akademia saria (urteko liburu onenari).

1936ko gerran Karmele Urresti (Jones Laspiur) erizain gaztearen familiak Ondarroatik Estatu frantsesera alde egin zuen itsasontzian. Bertan, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen Urrestik, tartean Txomin Letamendi (Eneko Sagardoy) jazz musikari eta militantea. Bigarren Mundu Gerra hasi berri, Venezuelara joan ziren biak, naziengandik ihesi, eta ondoren Euskal Herrira bueltatu ziren, hiru seme-alabarekin.

Musikak toki garrantzitsua du pelikulan. Euskal musika, jazza, boleroak eta guarachak entzuten dira. Soinu banda pertsonaien bidelaguna da eta istorioa aberasten du. Aitor Etxebarria da konpositorea eta Alazne Ameztoy arduratu da soinuaz.

Asier Altuna zuzendariak hau azaldu du: «‘Karmele’ kulturak, musikak eta arteak zipriztindutako bidaia moduko bat dela esan daiteke. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldi biltzen dituzten historia familiarrek. Karmele gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar dien emakume bat da, ausarta eta konprometitua, bere ideiekiko oso kontsekuentea eta horiek beti irmo defendatzen dituena. Karmelek askatasun ezaren aurrean pertseberantzia, borroka eta duintasuna zer diren erakusten digu».