GARA Euskal Herriko egunkaria

urtez urte bidea egiNEZ doa eZK fest

EZK Fest jaialdiak laugarren edizioa izango du datorren azaroaren 8an eta aurten ere NAIZek babesa emango dio.

Portugaleten izan zen Ane Urkiri NAIZeko zuzendaria, EZK Fest-ekoekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ezkerraldean euskara eta euskal kultura sustatzeko jaialdia da EZK Fest. Laugarren edizioa izango du 2022an martxan jarri zen egitasmo honek eta aurten Portugaletera itzuliko da, datorren azaroaren 8an. Herria errepikatuko den arren, tokiz aldatuko dute, aurten Rivas futbol zelaiaren atzeko zatian izango baita musika eta aldarrikapena uztartzen dituen jaia. Metroz bertaratzeko aukera dago, Abatxoloko geltokitik oinez hamar minutura baitago jaialdia egingo den eremua, eta jan-edana eskuratzeko moduan izango dute bertara doazenek festak irauten duen bitartean. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute Puntu Morea egongo dela, behar duenari informazioa eta babesa emateko. Horrez gain, jaigunean lasai sartu eta irten ahal izango da. Era berean, Portugalete toki maldatsua bada ere, jaigunea egokia izango da mugitzeko gaitasuna mugaturik duen ororentzat ere. Aurten, Kaotiko, La Txama, Tatta & Denso, Tremenda Jauria, Beranduegi erromeria eta Jon Labanda DJa arituko dira oholtzan eta NAIZeko harpidedunek %40ko deskontua izango dute sarreran, EZK Festekin lankidetzan. Ezkerraldea eraldatuz, beste urtebetez, EZK Fest!