GARA Euskal Herriko egunkaria

Amazon


Ohikoa den bezala, erraza zirudiena asko korapilatu da, zer gogorra den hartutako erabakiekin koherentea izatea! Ez, ez dut pentsatu bezain aise burutuko nire deliberoa. Gainera, erabakiak publiko egiteko ohitura kaltegarria dudanez, ahobero batek jaso dezakeen presioak jota nago. Saiatuko naiz azaltzen: Spotify uztea erabaki ondoren, bigarren faseari ekin eta itaunketa serioa egin nion ene buruari, ea streaming plataformaren baten premia nuen edo ez... Ez, ez, nire musika saltzeko ez, hori ezta Spotifyn ere, baizik eta musika entzuteko/disfrutatzeko. Berdinketa gertatu zen nire buru eta sabelaren artean; ondorioz, luzapen bat eman nion erabakia hartzeari. Aztertu nituen merkatuko aukera nagusiak: Tidal, Qobuz... eta eskaintzak arretaz alderatu ondoren, ez egin barre, Amazon music-en proba egitea hobetsi nuen. Esportatu ditut playlistak, banan-banan, adostu dut nire kontu familiar faltsuaren beste hobendunekin nola jokatuko dugun hemendik aurrera. Eta botoia sakatu eta Spotifyko kontua ezabatzeko dena prest dudanean, irakurri dut artikulu bat non adierazten duten Israelgo armadak Amazonen datuak erabiltzen dituela erasoetako helburuak zehazteko. Kaka! Berriro hasierako laukira. Uste dut Mossadekoei deituko diedala, ea aholkatzen didaten haiekin zer ikusirik ez duen plataformaren bat.