GARA Euskal Herriko egunkaria
GOOD BOY

Beldurrezko istorio bat txakur baten ikuspuntutik


Naturaz gaindiko elementuak dituen beldurrezko proposamen berritzaile hau Ben Leonberg zuzendari hasiberriak sinatu du. Indy izeneko txakur leial baten istorioa kontatu du ‘‘Good boy’’ filmean: Todd jabearekin landetxe batera bizitzera joango da txakurra, eta hark bakarrik hauteman ditzakeen indar ikusezinei aurre egin beharko die. Film osoa txakurraren ikuspuntutik kontatuta dago.

Filmeko protagonista Indy da, zuzendariaren txakurra, eta South by Southwest (SXSW) jaialdian saritu zuten egindako lanarengatik.

HIRU URTEKO FILMAKETA

sorkuntza prozesua aurrekaririk gabeko erronka izan zen, bereziki txakurrarekin egin duten lanarengatik. Leonberg zuzendariak azaldu duenez, «400 egun baino gehiagoz filmatu genuen hiru urteren buruan. Ez zen ekoizpen konbentzionala izan; beharrek eta diseinuak baldintzatutako proiektua izan zen. Indy gure maskota da eta, beraz, muga horiek kontuan hartuko zituen zinema egiteko modu bat asmatu behar izan genuen. Normalean, txakur protagonistaren bi, hiru edo lau bikoitz behar izaten dituzte 12 orduko filmaketa egunari aurre egiteko. Guk, ordea, Indyrekin bakarrik lan egin dugu».