GARA Euskal Herriko egunkaria
ELSKLING

Apaingarririk gabeko drama bikaina


Lilja Ingolfsdottir-ek amatasunari eta bikote-harremanei eskaini die bere aurreneko film boteretsua: “Elskling” (“Adorable”, gazteleraz). Zineman gutxitan ikusten diren emakumearen zenbait alderdi arakatzen ditu; ama izatearen eta, aldi berean, lan-bizitzarekin uztartzearen erronkak, esaterako.

Sarrera zoragarri baten ondoren, istorioak zazpi urte aurrera egin eta orainaldira jauzi egingo du, Mariaren bizitza azaltzeko: seme-alabak zaintzearen eta ibilbide profesionalari eustearen zama bikoitza aspalditik daraman adin ertaineko emakumea da Maria. Bere bigarren senarrak, Sigmundek, lanagatik sarritan bidaiatzen du eta ia ez da seme-alaben zaintzaz arduratzen. Egun batean, eztabaida bizia piztuko da bien artean, eta Sigmundek dibortzioa eskatuko dio. Betiko patriarkatuaren isla, alegia.

Dibortzioaren mehatxuak katalizatzaile gisa funtzionatzen du: Mariak alboratu dituen bere alderdiak aurrez aurre jartzeko eta bere bizitza nolakoa izatea nahi duen berriro baloratzeko, ezarritako edo bere gain hartutako roletatik harago. Ez da haustura bati buruzko istorioa soilik, berreraikitze pertsonal bati buruzkoa baizik.

Maria, gizarteak ama/emakume batengandik espero duenaren -alegia, beti presente egotearen, eraginkorra izatearen, familiari eustearen eta zaintza-lanak bere gain hartzearen- eta bere behar, amets eta mugen artean harrapatuta dago. Filmak argi kritikatzen du emakumeei “dena egiteko” ezartzen zaien presioa. Aktoreen lana aparta da, bereziki Helga Gurenena; txalotzeko antzezpena egin du.

Apaingarririk gabeko drama bikaina da; erraietakoa, zehatza, lehorra eta zuzena. Eszenaratzea soila da, istorioak eskatzen duen neurrikoa, emozioei leku osoa emanez. Debut oso sendoa da: hunkitzeaz gain, ikuslea hausnartzera bultzatzen du.