21 OCT. 2025 GOOD BOY Gizakiaren lagunik onena Gaizka IZAGIRRE HERNANI Naturaz gaindiko elementuak ditu “Good boy” filmak, Ben Leonberg zuzendari hasiberriak sinaturikoak. Indy txakurraren istorioa kontatzen du: osasun arazoak dituen Todd jabearekin landetxe batera bizitzera joango da, eta txakurrak bakarrik hauteman ditzakeen indar ikusezinei aurre egingo die. Todden osasunak okerrera egin ahala, bien arteko lotura istorioaren ardatz nagusi bihurtzen da. Film osoa txakurraren ikuspuntutik kontatuta dago. Kamerak une oro erakusten du Indyk ikusten, entzuten eta sentitzen duena; gizakiak agertzen dira, baina aurpegiak ez, silueta lausoz eta itzalekin nahastuta agertzen dira. Ikuspegi horrek giro murgiltzaile eta errealista sortzen du, berezitasun txikien bidez txakurren portaeraren esentzia harrapatuz, efektu berezi edo bikoitzetara jo beharrik gabe. Beldurrezko elementuetatik harago, gai hauek jorratzen ditu: baldintzarik gabeko maitasuna, leialtasuna eta gizakien eta animalien arteko lotura. Alde bisualari begiratuta, bikaina da: itzal, kontraste eta siluetekin joko interesgarria sortzen da. Pelikulak duen ikuspegi deigarri hori alde batera utzita, ordea, errepikakorra da. Sormen lana txalogarria da, eta lehen minutuetan narratiba nahiko berri eta freskoa dirudi, baina etxe sorginduei buruzko kontakizunetan ehunka aldiz ikusitako egoerak behin eta berriz agertzen dira kontakizunean zehar. Bereziki soinuaren erabilerak bihurtzen du esperientzia efektista: pantailan ia ezer gertatzen ez den uneetan zaratak sartzen dira, labankaden modura, eta “jump scare”-ak, hots, ikuslea ikaratzeko asmoz bat-batean agertzen diren zaratak, gogaikarri samarrak dira, gainera. Film motza izan arren, gehiegi luzatu duten film labur baten arima du. Gorabeherak ditu, baina oso lan gomendagarria da.