23 OCT. 2025 Gipuzkoak lan deialdiak egokituko ditu «epaiek behartuta» 113 plaza iragarri ditu Gipuzkoako Aldundiak lan eskaintza publikoetan. Aztergai diren lege aldaketen zain, zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna atzeratuko du. Euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuari eutsiko diola esan du, ordea. Elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundian, euskararen aurkako epaien harira. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA DONOSTIA Gipuzkoako Aldundiak hamahiru lan eskaintza publiko (LEP) abiatuko ditu. Guztira 113 lanpostu argitaratuko ditu urte amaierara bitartean. Hala jakinarazi zuen atzo Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Bertan esan zuenez, foru erakundearen azken lan deialdien aurkako «epaiek behartuta» eta bide judizialaren aukera «agortuta», Legebiltzarrean aztergai dituzten balizko lege aldaketen zain, «behin-behineko neurri» gisa bere deialdiak egokituko ditu Aldundiak, zenbait hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna atzeratuta. Erabaki hori bera hartu zuen iragan martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak. «Gipuzkoako Aldundiak eta foru langileek ibilbide eredugarria egin dute 40 urteotan, kasik langile elebidunik ez zegoen Administrazioa izatetik ia langile guztiak bi hizkuntzetako edozeinetan lan egiteko gai izateraino», gogorarazi zuen Berasaluzek. Nabarmendu zuenez, «urte askotako ahalegina eta langileen konpromisoa» dago horren oinarrian. «Ez dugu atzera urratsik egingo euskararen aldeko lanean. Irmo eutsiko diogu norabideari eta helburuari: Administrazio elebiduna izatea, lan hizkuntza nagusia euskara duena», berretsi zuen. Baina gogorarazi zuen, aldi berean, «erantzukizunez heldu» behar zaiola Aldundiaren deialdietan ezarritako hizkuntza-eskakizunen aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek sortutako egoera «korapilatsuari». Izan ere, epai horiek Aldundiaren funtzionamendurako, legea betetzeko eta plantilla berritu eta egonkortzeko ezinbestekoak diren deialdi publikoak geldiarazi, eta «blokeoa» eragin dute foru erakundean. Testuinguru horretan, 2025eko enplegu publikoko deialdiei begira, Aldundiak atzeratu egingo du zenbait lanposturen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna. Bitartean, begirada Gasteizko Legebiltzarrean landuko den Enplegu Publikoaren Legearen erreforman jarria dago. «Behar den babes juridikoaren zain gaude; ezinbestekoa baita segurtasun juridikoa, aurrera bermeekin egin ahal izateko». Bozeramaileak gogorarazi zuen ezinbestekoa dela «euskara epaitegietatik ateratzea. Aldundiak ez du euskara auzitegietara eraman, ezta euskararen aldeko akordio zabala hautsi ere. Eztabaida ez da kokatzen hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak elkarri kontrajarriz. Debate hori nahita da nahasgarria. Aldundiak herritarren eskubidea defendatzen du, administrazioarekin euskaraz harremantzea bermatuz», argitu zuen. LAURDENA EUSKARAZ Nagusiki euskaraz lan egingo duen Administrazioa lortzeko helburuan sakonduko du datozen hilabeteetan Aldundiak. Horretarako, foru departamendu guztietan abiarazi ditu Euskara Kudeaketa Planak. Helburua da 2025-2026 ikasturtean zerbitzuen laurdena euskarazko administrazio zerbitzu izendatzea, hau da, beren eginkizunak nagusiki euskaraz egingo dituzten unitateak izan daitezela. «Legealdi amaierarako, berriz, zerbitzuen erdiek antzeko bidea egitea aurreikusten da», diputatuak iragarri zuenez. EH Bilduren iritziz, LEPean euskara eskakizunaren derrigortasuna atzeratu izanak erakusten du «berandu baino lehen hizkuntza-eskakizunen babes juridikoa bermatu beharra dagoela, eta horretarako bide eman behar zaiola EH Bilduk Legebiltzarrean Enplegu Publikorako Legea aldatzeko egindako proposamenari, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa bermatzeko».