GARA Euskal Herriko egunkaria
LOS DOMINGOS

Keinu txikien lilura


Baliteke “Los domingos” filmaren gai nagusiak nolabaiteko nagikeria piztea ikusle batzuengan, baina Alauda Ruiz de Azuaren begiradapean gai arruntenak ere distira berezia hartzen du; errealitatearen hari meheenetatik konplexutasuna eta lilura sortzen du.

Blanca Soroak ikastetxe erlijioso batean ikasten duen Ainara gorpuztu du. Lotura gero eta handiagoa sentitzen du Jainkoarengana, eta halako batean etxean esan du klausurako moja izan nahi duela. Albisteak ustekabean harrapatu ditu bai Iñaki aita (Miguel Garces), bai, bereziki, Maite izeba (Patricia Lopez Arnaiz). Biak saiatzen dira erabaki horri aurre egiten: bata nolabaiteko onarpenetik, bestea, berriz, arrazoiaren bidez. Aktore guztien lana bikaina da, baina bereziki Arnaizen interpretazioa nabarmentzen da.

Ruiz de Azuak intimitatez beteriko kontakizuna fintasun handiz filmatu du. Elkarrizketek, isiltasunek eta begiradek tentsio, maitasun eta frustrazio geruzak ezkutatzen dituzte. Ez dago ez oihurik ez eta diskurtsorik ere: keinu txikien bidez esaten da dena. Kamerak pertsonaiei epaitu gabe begiratzen die, inbaditu gabe entzuten ditu eta manipulaziorik gabe argitzen du haien barrena.

Filmak ez du irizpen argirik ematen. Bokazioa ez du modu esplizituan aurkezten, ez ontzat, ez txartzat. Ikuslea, erdibideko eremu deseroso baina aberats batean kokatzen du. Ainararen erabakia ez da epaitzen, eta filmak ikuspuntu ugari eskaintzen ditu.

Aniztasun horrek aukera paregabea ematen dio ikusleari bere jarrera eraikitzeko eta ikusten duena zalantzan jartzeko. Lan boteretsua, sotila eta konplexua da.

Ez da film “erraza”: ez du erantzun zuzenik edo lasterbiderik eskaintzen, baina, hain zuzen ere, horrek bihurtzen du esperientzia sendo eta baliotsua.