GARA Euskal Herriko egunkaria

Orena


Asteburuan ordularia aldatuko genuela erran zenidan, eta orain, esaldia oroitzen dudan bakoitzean, irriño bat eskapatzen zait. Ordularia aldatuta ere, ordu berean biziko ginela erantzun nizun, baina ez zenuen erantzunaren ustezko umorea harrapatu. Umorea sortzea ez baita erraza, melodramaren parean doble meritu du, ordea.

Ordu bat gehiago ala gutiago, bizitzeko zer geneukan, edo zer daukagun, honek izan behar zuen gaia beharbada, eskuetatik ihesi doakigun denbora tarte gisa. Egun, orduari beha, ezinbizia baizik ez baitatorkigu mendebalde honetan, egunaren luze-zabalean bi-hiru betebeharrekin eguna pasatzen zaizula ohartzerako, bizitza gastatu egin behar dela ahantzita bizi zara. Ea noizbait akordatzen zaren.

«Maitia, denbora ihesi doa» bere besoetan tatuatuta, gasolina lata bat bihotzean, bi su tiki gorri begietan, eta etxeak eta loreak erretzen ikustera eseri zen, bere bihotzak samurtasuna sentitzen zuen bitartean. «Maitia, bizitza ihesi doa» murru txuri batean margotuta. Haserrea edo ezereza. Haserrea eta sutea. Haserrea eta sugarrak.

Onkixinen ‘‘Nahia’’-k eskaintzen digu tenperatura. Lehen eta orain ez duela udazkenak edo neguak baldintzatzen aipatzen dizut nik orain. Ez dit balio oren bat aurrerago edo bat atzerago gauzak bere horretan jarraitzen dutela entzuteak.

Bideko harriak beti egongo dira bidean, baldin eta ez badituzu handik kentzen.