30 OCT. 2025 OPA: «Mutuak ez dira neutroak, interes pribatuen alde mugitzen dira» Estatu espainolean zenbait erkidegok egin moduan, Hego Euskal Herrian langileen gaixotasun arrunt batzuk mutualitateetara bideratu daitezke etorkizunean. Hori gertatu ez dadin, sindikatuek eta eragileek kanpaina bat martxan jarri dute. OPAko ordezkari Mireia Saizek prozesu horien nondik norakoak xehatu ditu NAIZ Irratian. Mutuen aurka abiatutako kanpainaren aurkezpena, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU) P. LEKUONA - O. AIZPURU Sindikatuak eta Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma (OPA) kezkaturik daude Hego Euskal Herriko erakundeek langileek pairatzen dituzten zenbait gaixotasun arrunt mutualitateetara bideratzeko egin dezaketen urratsarekin. Arrisku horren salaketa egin berritan, NAIZ irratian izan zen OPAko ordezkari Mireia Saiz. CCOO eta UGT sindikatuek CEOE eta CEPYME patronalekin langileek pairatzen dituzten hainbat gaixotasun arrunt pribatizatzea eta osasun publikoko jarduerak mutualitateen esku uztea adostu zuten Estatu espainolean. Zenbait erkidegok martxan jarri dituzte, eta arrisku hori ikusten dute Hego Euskal Herrian ere. Hori langileen osasun eskubide urraketa dela uste du Saizek. «Egin nahi dutena da langileen gaixotasun arruntak mutualitateetara bideratzea. Ondorio oso larriak dakartza honek. Osasun asistentzia bermatu gabe dago. Mutuak enpresa elkarteak dira; haien interesa ez da osasuna lehenestea, alta mediku goiztiarra eman eta lanera berehala itzultzea baizik. Honek ondorioak ditu pazienteen osasunean», adierazi zuen. PRIBATIZAZIORANTZ DOAN BIDEA Osasun publikoaren «ezkutuko pribatizazioa» da egiten ari direna, Saizen ustez. Besteak beste, medikuaren alta goiztiarrak ematea edota tratamendu oldarkorrak erabiltzeak eragiten dituen kalteak aipatu zituen Saizek. Sor ditzakeen ondorioetan sakondu zuen jarraian: «Kalitate asistentziala beherantz doa. Sistema sanitario horien lanak deuseztatu eta desegite prozesu batean murgilduta daude honezkero. Asistentziaren kalitatean eta osasun eskubideetan narriadura bat eragiten ari dira». Momentuz jatorri traumatologikoa duten gaixotasun arruntekin abiatu direla ohartarazi zuen, «baina handitu daiteke eta gaixotasun arrunt guztiak mutualitateen eskuetan gera daitezke», gaitzetsi zuen OPAko eledunak. NAFARROAN PROZESUA ABIATU DA Hego Euskal Herrian gerta daiteke, eta Nafarroako Gobernuak horrelako hitzarmenei aterik ez diola itxi salatu zuen OPAko ordezkariak. «Oso arriskutsua» dela gogoratu zuen irratiko uhinetan: «Nafarroan lehen urratsak egiten ari dira. Horregatik da oso garrantzitsua abiatu dugun kanpainarekin aurrera egitea, geldiarazteko». «Mutuak ez dira neutroak» gogoratu du Saizek, «interes pribatuen alde mugitzen dira, negozio bat da, eta haien interes propioak lehenesten dituzte langileen eskubideen gainetik». Lesio askoren izaera lanekoa izan arren, mutuek hori «ezkutatu» eta «publikora bideratzen» dituztela arbuiatu zuen OPAko kideak; «horrek, Osakidetzan eta Osasunbidean gainkarga sortzen dute, eta mutuen erantzukizunak alboratzen dira». Honenbestez, abiatu duten kanpaina ikusaraztea eta zabaltzea garrantzitsua dela iruditzen zaio. Gehiengo sindikalak eta osasun publikoaren aldeko herri plataformak kanpaina bateratua abiatu dute, eta hainbat ekintza aurreratu zituen Saizek: enpresa batzordeetan eta langileen ordezkaritzetan mozioak aurkeztuko dituzte; parlamentuetan ere aurkeztuko dute kanpaina herritarrak sentsibilizatu eta mobilizatzeko. Bestalde medikuei dei bat egiteko baliatu zuen mikrofonoa: «Medikuei dei egiten diegu, kasu traumatologikoak mutuetara bideratu ez ditzaten. Guk pentsatzen dugu osasuna ez dela merkantzia bat, mutuek ezin dutela gure gorputzen gainean erabaki, eta osasun publikoak unibertsala, bidezkoa eta interes enpresarialetatik kanpokoa izan behar duela». LEHENTASUNAK «Mutuak enpresa elkarteak dira. Haien interesa ez da osasuna lehenestea, alta mediku goiztiarra eman eta lanera berehala itzultzea baizik», adierazi zuen Saizek.