30 OCT. 2025 Entrevue MADDI ARTAMENDI ARZAMENDI EHUko ikertzailea «Polinizatzaile guztiak behar dira ekosistemak funtziona dezan» Gorbeian polinizatzaileen inguruan egin duten azterlanaren berri eman du Maddi Artamendi Arzamendi EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan. Esan duenez, habitataren galera eta paisaiaren homogeneizazioa dira polinizatzaileek dituzten mehatxu nagusiak, eta habitatak mantendu behar dira. (Jon URBE | FOKU) Eli PAGOLA BILBO Maddi Artamendi Arzamendi EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzailea da, eta Gorbeiako Parke naturalean dauden polinizatzaileen elikadura portaerak ikertu ditu. Egindako lanaz, polinizazioaz eta dibertsitatearen beharraz mintzatu da NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan. Nolakoa izan da zure ikertze prozesua? Nire lan gehiena mendian izan da. Gorbeiako Parke Naturalean aritu naiz ikertzen hiru urtez hiru udaberritan zehar; hau da, lau hilabete urtean. Hortaz, esan daiteke urte oso bat eman dudala Gorbeian bizitzen [barrez]. Egiten duguna da udaberri hasieratik bukaerara behatu nola aldatzen den landaredia, nola ateratzen doazen espezie desberdinak eta, honekin batera, nola azaltzen doazen polinizatzaile espezieak. Izan ere, ez da berdina udaberri hasieran, erdialdean eta amaieran dagoen espezie dibertsitatea. Zer teknika erabiltzen dituzu? Gorbeiako parkean bost lekutan ibiltzen gara. 250 metroko trantsektuak ditugu. Eremu horretan dauden landare espezieak apuntatzen ditugu eta loretan dauden indibiduo kopurua zenbatzen dugu landareen eskuragarritasunaren adierazle bat izateko. Gero, polinizatzaileek bisitatzen dituzten landareak aztertzen ditugu, alderatu ahal izateko zer landare bisitatzen dituzten dagoen aukera kontuan hartuta. Horrek ematen duen informazioa da ea polinizatzailea eskuragarri dagoenaren arabera elikatzen den edo espezialistagoa den eta, nahiz eta eskuragarri egon landare espezie pila bat edo lore asko duen landare bat, beste batean zentratzen ote den. Bestetik, trantsektu horretan landare bat bisitatzen duen polinizatzaile bakoitza apuntatzen dugu. Landareak identifikatzea errazagoa izango da geldirik daudelako eta behar beste denbora har dezakezulako behatzeko, baina nola kontatzen dira polinizatzaileak? Poliki-poliki oinez joaten gara 250 metro horietan zehar. Ordubete goizean, beste ordubete eguerdian eta beste ordubete arratsaldean. Distantzia hori egiteko ordu erdi behar dugu, beraz, mantsotasun horrek baimentzen digu gerturatzen diren polinizatzaileak ez uxatzea. Lorearen ugal aparatua ukitu behar du polinizatzaile bezala zenbatzeko; orduan, gerturatu egiten gara eta, ez badugu ezagutzen, tximeleta-sare edo salabardo batekin harrapatu eta taxonomo bati bidaltzen diogu, zaila baita zeintzuk diren identifikatzea. Lehenengo urtean ikasten zoaz taxonomoari bidaliz eta bere erantzunak jasoz, eta bigarren urtean jada ezagunagoak dituzu eta ez dituzu hainbeste harrapatzen asko errepikatzen direlako. Batzuei argazki bat ateratzen diegu ahalik gutxiena hartzen saiatzeko. Zenbat espezie identifikatu dituzue? Gure bost lekuetan 200 polinizatzaile inguru identifikatu ditugu, eta oso deigarria da estimatzen dugula berez dagoenaren %40 inguru ikusi dugula. Badugu mendira egindako irteerak eta topatutako polinizatzaile espezieak alderatzen dituen taula bat. Bertan kurba bat marrazten da, eta kurba hori, irteera kopurua handitu ahala, handitzen badoa ere, apalago hazten da. Horrek esan nahi du askoz ere ordu gehiago behar direla mendian espezieen %100era heltzeko. Landareetan, berriz, askoz ere azkarrago heltzen gara %100era, geldirik daude eta. Zer polinizatzaile mota daude Gorbeian? Gorbeian intsektuak dira polinizatzaile guztiak. Gehiengoari, polinizatzailea esandakoan ezti erlea datorkio burura, eta komeni da argitzea hori dela espezie bat erleen barruan, non 20.000 erle espezietik gora daudela estimatzen den. Bestalde, intsektu mordoa dira polinizatzaileak: tximeletak, euliak eta kakalardoak, besteak beste. Azkenean, bakoitzak funtzio bat betetzen du. Esaterako, erlastarrak handiagoak dira, pisutsuagoak, eta horrek baimentzen die itxita dauden loreetan sartzea. Beren pisuarekin lore itxiak irekitzen eta polinizatzen dituzte. Tximeletek eta sitsek mingain oso luzeak dituzte eta lore luzangak poliniza ditzakete sakontasun horretara iristeko gai direlako. Erle txikiak beste lore batzuetara doaz. Euliak oso zabalak eta oso agerikoak diren loreetara joaten dira… Denak behar dira ekosistemak funtziona dezan. Hala ere, zaila da polinizatzaileak identifikatzea, eta taxonomoari hamaika dei egiten zaizkio. Gero, intsektuez gain, munduan badaude polinizatzaileak diren beste animalia batzuk, esaterako, kolibriak (hegaztiak), eta saguzarrak ere ikusi da garrantzi handia dutela polinizatzaile moduan. Eguneko orduaren arabera intsektu desberdinak dabiltza lanean? Erlastarrek tenperatura baxuekin hegan egin dezakete, beraz, goizean ikus daitezke. Tximeletek eta erle txikiagoek, bestalde, tenperatura altuagoak behar dituzte eta eguerdian agertzen dira. Saguzarrak aipatu dituzu. Uste guztien kontra, polinizatzea gauez ere gerta daitekeela esan nahi du horrek. Hori da. Bai saguzarrak eta baita sitsak ere polinizatzaile gautarrak izan daitezke. Zer mehatxu nagusi dituzte polinizatzaileek? Batez ere habitataren galera eta paisaiaren homogeneizazioa. Horrek eragiten du habiak egiteko lekurik eta elikatzeko behar duten landare dibertsitate nahikorik ez izatea, zeren Gorbeian ikusten duguna da beren elikatzeko sareak dinamikoak direla, bai egunean zehar tenperaturaren arabera aldatzen direlako baina baita udaberrian zehar ere. Dibertsitate hori beharrezkoa da polinizatzaileen portaera malgua eta aldakorra izateko eskuragarri dauden loreetara. Pentsa daiteke lore bat desagertzen bada eta ikusi bada erlastar jakin bat hartaz elikatzen dela, bada, erlastarra ere desagertuko dela. Baina ez da horrela, zeren gai baitira beren portaera aldatzeko eta espezie bat ez badago beste espezie batengana jotzeko. Orduan, beharrezkoa da dibertsitate bat izatea, zeinek baimenduko dien portaera malgutasun hori izaten. Gainera, elikadura dibertsitateak erresistenteagoak egiten omen ditu onddoen edo beste parasito batzuen aurrean. Zer da paisaia homogeneo bat? Monokultiboz betetako lursailak dira, non ez dagoen landare basatien partxerik tartean, urbanizazioak lurrak kentzen dituelako eta landarediaren espazioa galtzen delako. Polinizatzaileen galera areagotzen ari omen da. Zer neurri har daitezke galera hori eteteko? Habitatak behar dira. Polinizatzaileek elikatzeko eta habiak egiteko baliabideak dituzten lekuak eta habitatak mantentzen dituzten lekuak behar dira. Polinizatzaile batzuek hostoen artean egiten dituzte habiak, beste batzuek, berriz, adar lehorretan; hortaz, behar dituzten habitat horiek mantentzen dituzten espazioak behar dira. Berez ez da hain zaila horrelako alderdiak mantentzea. %40«Gure bost lekuetan 200 polinizatzaile inguru identifikatu ditugu, eta oso deigarria da estimatzen dugula berez dagoenaren %40 inguru ikusi dugula» ANIZTASUNA «Tximeletek eta sitsek mingain oso luzeak dituzte eta lore luzangak poliniza ditzakete. Erle txikiak beste lore batzuetara doaz. Euliak, oso zabalak eta oso agerikoak diren loreetara…»