GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Irabazi edo ez, Mamdanik hainbat irakaspen utzi ditu


New York hiriko hauteskundeetako inkestek asmatzen badute, kapitalismoaren epizentro nagusietako batek alkate sozialista bat hautatuko du bihar. Ez hori bakarrik, Donald Trumpen jaioterriak migrante bat aukeratuko du; Dorre Bikien hiriak, musulman bat, eta milioi bat judutik gora dauzkan metropoliak, Palestinaren aldeko ekintzaile bat. Hau dena egia izateko, hautetsontziek arrazoia eman behar diete oraindik inkestei, baina galtzen badu ere, Zohran Mamdaniren kanpainak ikasgai asko utzi ditu garai ilunetan ezkerrak nola jokatu behar duen asmatzeko bidean.

Adibidez, nork bere markoari eustearen garrantzia erakutsi du; batez ere marko horrek jendearen behar eta desirekin bat egiten duenean. Segurtasuna zen, inkesten arabera, kanpainaren gai nagusia, baina Mamdanik bere lehentasunei eutsi die: etxebizitza, garraioa eta haur hezkuntza. Eta horiek bihurtu dira gai nagusi. Palestinarekin antzeko zerbait gertatu da. Joko zelaia ezartzea partida erdia irabaztea da, baina hori ez da bakarrik gaiekin asmatuta lortzen. Lan handia behar da, eta horixe egin dute 80.000 bat boluntariok. Hiriaren izkina oro zapaldu dute Mamdaniren aldeko kanpaina egiten. Era berean, antolakuntzak bakarrik ez du azaltzen sozialista migratzaile baten balizko garaipena. Lidergoa, karisma eta xarma pertsonala osagai garrantzitsuak izan dira Mamdaniren kanpainan. Talentua beharrezkoa da irabazteko, indibiduala eta taldearena.

Ezkerrean errepikakorrak izaten diren eztabaida batzuen faltsukeria ere agerian utzi du kanpainak. Adibidez, lehentasun materialen edo «identitarioen» arteko ustezko ezinikusia. Wokismo akusazioak konplexuz bete dituen hainbat ezker marmarka dabiltza munduan zehar, ustezko gutxiengo batzuen agendak hartu duen espazioaz kexu. Mamdanik ongi erakutsi du, ordea, jateko gauzen eta migratzaile edo queer-en eskubideak bateragarriak direla programa zabal eta inklusibo batean. Are gehiago, hori dela sistemak bazterrean utzitako hamaika bizilagun prozesu politikora batu eta ilusioz betetako gehiengo zabalak eraikitzeko bidea.