03 NOV. 2025 MR. SCORSESE Scorseseren argi-ilunak, lan zoragarri batean Gaizka IZAGIRRE HERNANI Apple TV+ plataformak “Mr. Scorsese” estreinatu du: Rebecca Millerrek zuzendutako serie dokumentala da, bost atalekoa, eta Martin Scorsese zinemagilearen erretratu intimoa osatzen du. Scorseseren irudi pribatuetarako sarbide esklusiboa izan du, eta zinemagilearekin berarekin izandako elkarrizketa luzeetan oinarritu da, baita kolaboratzaile eta sortzaile batzuekin egindako elkarrizketa argitaragabeetan ere. Robert De Niro, Margot Robbie, DiCaprio, Cate Blanchett, Daniel Day-Lewis, Jodie Foster eta abar daude tartean. Ez dira “kortesiazko” elkarrizketak; sormenezko konplizitatea nabaria da, eta errodajeko pasadizoak, tentsioak eta une intimoak argitara ateratzen dira; ikusleari Scorseseren munduan murgiltzeko atea zabaltzen diote. Artxibo pribatuetako material argitaragabez osatutako biltegi bat ere erakusten da, non bere lehen argazkiak, etxeko filmak eta nerabezaroan filmatu zituen 16 mm-ko pelikulak gordetzen diren. Bere buruaz argi eta garbi hitz egiten du, baita gai gatazkatsu guztiei buruz ere: drogekin izan dituen arazoei, aita gisa dituen gabeziei eta filmazioetan izandako haserrealdiei buruz. Hala eta guztiz ere, bere filmografiako genero irudikapenari buruzko hausnarketa kritiko baten falta sumatzen da, emakume protagonisten gabezia nabarmena delako bere filmetan. Bere haurtzaroko zenbait alderdi ere aipatzen dira, eta nola gertaera horiek modu sinboliko edo literalean bere zineman islatzen diren: indarkeria, errua, anbibalentzia morala, torturatutako pertsonaiak. Egilearen bizitza pertsonalak bere sormena nola elikatzen duen sakon erakusten da. Scorseseren eragina izugarria izan da zinemagintza garaikidean, eta dokumental sorta zoragarri hau horren isla argia da.