GARA Euskal Herriko egunkaria
EHU-REN AURREKONTUA

«Hiperboletik» «konpromiso irmora» egun batetik bestera

«Hizkuntza hiperbolikoak ez du EHUren finantzaketa hobetuko». Hala erantzun zion igandean Joxerramon Bengoetxea errektoreari Perez Iglesias sailburuak. Atzo ukatu egin zuen «azpifinantzaketa» eta «konpromiso irmoa» adierazi zuen. Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian nabarmendu zuenez, «arazoa» da ez dela aurrekontu osoa erabiltzen.

Juan Ignacio Perez Iglesias, atzo, Gasteizko Legebiltzarrean. (IREKIA)

Joan den asteko astelehenean EHUko errektoretza taldeak iragarri zuenez, unibertsitateak 607 milioi euroko aurrekontu-premia du datorren urteari begira. «Bizirautea» ezin dela helburu izan ohartarazi zuen, eta «jauzi esanguratsua egiteko garaia» dela. Hurrengo egunean, urriaren 28an, Lakuak aurkeztu zuen datorren urteko aurrekontu proiektua, unibertsitateari zuzenduta dagoen 339 milioi euroko aurrekontu-saila jasotzen duena. Errektoretzak eskatutako diru kopuruaren kasik erdia.

Gobernuak proposatutako zenbakiak aztertu ondoren Joxerramon Bengoetxea errektoreak premiazko agerraldia egin zuen komunikabideen aurrean asteazkenean, Gasteizko Campusean. Bertan irmo salatu zuen: «Aurrekontu horiek EHU paralisira daramate, argi eta garbi. Ez dira, inondik inora, Euskal Herriko Unibertsitateak dituen egiturazko premiei erantzuteko nahikoa, are gutxiago bikaintasuna bermatzeko».

Adierazi zuenez, «errektoretza talde hau ez zen kargura iritsi, unibertsitate-komunitatearen %63,85eko babesarekin, unibertsitate publikoan bizi den prekaritatea kudeatzeko. Bizirautea ezin da helburu izan. Euskal Herriko Unibertsitateak merezi duena eskatu baino ez dugu egiten, bikaintasuna eta herri honek merezi duen kalitatezko unibertsitate publikoa ziurtatzeko. EHU proiektu estrategikoa da gure herriarentzat».

Lau egun geroago, igandean, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek artikulu luze bat argitaratu zuen bere blogean. «Hizkuntza hiperbolikoak ez du Euskal Herriko Unibertsitatearen finantzaketa hobetuko», zioen titularrak. Gogor jo zuen errektore taldearen aurka testuan, finantzaketa behar bestekoa dela nabarmenduz: «Ez da sinesgarria esatea Gobernuak ikasle bakoitzeko 10.000 euro emateak geldialdia edo kolapsoa ekarriko diola unibertsitateari, arrazoi ekonomikoak direla eta. Ez da; hala balitz, Europako ehunka unibertsitate egongo lirateke amildegiaren ertzean».

«Zeri dagokio errektorearen jarduna? Proiektu akademikorik ez dagoela ezkutatu nahi al da? Edo erantzukizuna gauzatzeko eta aurrekontu erabaki zailak hartzeko ezintasuna?», galdetzen zuen, baliabideak «mugatuak» izaten direla gogoraraziz. «Espero dut ez direla saiatuko unibertsitate publikoa arma politiko gisa erabiltzen», esan zuen, EHUko gobernu taldearekin akordioak lortzeko «gogoz» dagoela gehituz, «baina dialektika hiperbolikoak -paralisia, kolapsoa- ez du lagunduko».

Gainera, argi utzi zuen ez dela egongo aparteko aldaketarik. «Nire esperientziaren arabera, salbuespenezkoa izango litzateke administrazioan %10eko igoera bat. %50eko igoera ezin da imajinatu ere egin. Horrelako proposamen bat egiten denean, helburua ez da adierazten dena. Beste bat da».

«KONPROMISO IRMOA»

Perez Iglesiasek atzo hitz egin zuen berriro EHUri buruz, Gasteizko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen aurrean. Espero bezala, bere sailaren aurrekontua babestu zuen, 653,3 milioi eurokoa, «unibertsitatearekiko konpromiso irmoa zein zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa» islatzen duela esanda, eta ukatu egin zuen EHUren «azpifinantzaketa». Gobernuak EHUri egindako ekarpenak «zifra errekorra» lortu duela ziurtatu zuen, %6,9 handitu dela esanez. Hala, haren esanetan, «arazoa» da ez dela aurrekontu osoa erabiltzen. Esan zuenez, gaur egun EHUk unibertsitate-azpiegiturak hobetzeko planean esleitutako zenbatekoaren %40 baino ez du gauzatu.

Aitortu zuen, behinik behin, «zalantzarik gabe» badirela inbertsio handiagoa eskatzen duten azpiegiturak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan. «Unibertsitateari esan diogu segurtasun baldintzekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia gure gain hartuko dugula», gaineratu zuen, eta espainiar Gobernuaren erantzukizuna mahai gainean jarri zuen. Azaldu zuenez, unibertsitate publikoaren finantzaketan, Lakuak «kopuru batzuk jartzen ditu» eta Estatuak «beste batzuk». «Eta ezagutzen ez ditudan arrazoiengatik, Estatuak dezente gehiago jartzen du beste erkidego batzuetan», deitoratu zuen batzordean bildutako legebiltzarkideen aurrean.

Era berean, Imanol Pradales lehendakariak atzo esan zuen EHUk inoiz ez duela izan hainbeste baliabide. Haren hitzetan, EHU «funtsezko erakunde akademikoa» da, eta bere Gobernuak «unibertsitate publikoarekin zein euskal unibertsitate-sistema osoarekin duen konpromisoa eztabaidaezina da, zientziaren, ezagutzaren, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin».

EH Bilduko legebiltzarkide Ander Goikoetxeak kritikatu zuen badirela «kezka iturri» diren gaiak. Adibide gisa, gogoratu zuen eskola eta unibertsitateko irakasleen artean dagoen soldata arrakala. Batxilergoko irakasle baten hileroko soldata 2.600 euro ingurukoa da eta unibertsitateko irakasle atxiki doktore batena, 1.900 eurokoa. «Eskatzen dugu elkarlan bat abiatzea EHUrekin arazoei konponbidea emateko», nabarmendu zuen.



EHUk premiazko bilera eskatu dio lehendakariari

Sailburuaren agerraldia entzun ondoren, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak premiazko bilera eskatu zion Imanol Pradales lehendakariari, Noel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburu eta Juan Ignacio Perez Iglesiasekin batera, errektoretza-taldeak egin duen premien txostena zehatz-mehatz aurkezteko. «Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak lehen eskutik ezagutzea zehaztutako eta kuantifikatutako premiak. Eta egokia litzateke bilera hori azaroaren 19an Legebiltzarrean itxita dagoen agerraldiaren aurretik izatea», nabarmendu zuen komunikabideei bidalitako ohar batean.

Dena den, EHUko errektoreak berretsi zuen ez datorrela bat sailak proposatutako planteamenduarekin, euskal unibertsitate publikoaren finantzaketari dagokionez. «Aurrekontu-proiektuan aurreikusitako igoera ez da nahikoa unibertsitatearen beharrezko digitalizazioari, azpiegituren mantentzeari, talentua erakarri eta eusteko lanari eta eskaintza akademikoaren hazkundearen kudeaketari nahiz ikerketa jarduerari erantzuteko, orain arte unibertsitate komunitatearen konpromiso eta esfortzuarekin erantzun izan baitzaio: asko egin da oso gutxirekin», adierazi zuen.

Bengoetxeak berretsi zuen EHU euskal unibertsitate publikoa egungo egoerara iritsi dela azpiegituren, digitalizazioaren, teknikarien eta administrarien gabeziaren eta irakasleen lan-baldintzen arloan, hain zuzen ere «denboran iraun duen finantzaketa iraunkor ezagatik. Horri erantzuten dio prestatu dugun beharren diagnostiko zorrotzak. Ez dut ulertzen nola ukatu dezakeen sailburuak ebidentzia hori».

EHUko errektoreak azpimarratu zuen atzo, «beste modu batean ezin daitekeelako izan, EHUk Eusko Jaurlaritzarekin elkar ulertzearen alde egiten duela», errespetu instituzionala aldarrikatuz. I.S.