09 NOV. 2025 B SERIEKO LAU ETA ERDIKO FINALA Senarren txapelari Amianoren finalak eman dio meritu handiena Irungo pilotaria 0-8 aurreratu zen eta finala kontrolpean eraman zuen aurreneko bi herenetan. Baina ataundarrak sufritzen jakin zuen eta azken aldera, 10-14koaz geroztik, sakearekin eta errematearekin asmatu eta ia zuzenean joan zen 22. tantoraino. Duela gutxi hil zitzaion aitonari eskaini zion B Serieko txapela Beñat Senarrek. Poza eta lasaitu galanta nabari zitezkeen Beñat Senarren aurpegian. (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI Beñat Senar da B Serieko Lau eta Erdiko 2025eko txapelduna eta zorionak eman behar zaizkio Ataungo aurrelariari. Alabaina, Unai Amiano ere zoriondu beharra dago. Duela bi hilabete eskas egin zuen debuta Irungo aurrelari ezkerrak eta atzoko finalean beterano baten moduan jokatu zuen. Are gehiago, 10-14koraino une oro aurretik ibili zen pilotari urdina, hasieratik 0-8 aurreratu ostean, eta Uranzu pilotalekuan zituen lagunak sinetsita jarri zituen txapeldun atera behar zuela, berak ezarri baitzuen final eder honen mailaren langa. Hala ere, Senarrek ez zuen etsi eta behin 10-14koan sakea berreskuratu zuelarik, handik 22raino ia zuzenean joan zen 12-1eko partziala erdietsita. Sakez egundoko mina eman zion Amianori eta hasieran asmatu ezinik izan zuen errematea lanean behar bezala hasi zitzaion azken tarte horretan. Amiano gogotik ahalegindu zen azken alde horretan ere, baina ataundarrak kantxatik atera zuen, eskuina dantzan jarri eta ezker gantxoz amaitzen asmatu zuenean. «Kristoren poza daukat. Unai Amiano handi bat izan dut aurrean eta hasieran ezkerraz atzeraka ateratzen ninduen. Baina oso gustura nago irabazteko borrokan jarraitu dudalako. Banekien zer maila daukan Unaik, berarekin sarri entrenatu naizelako, eta lanean segitzeak fruituak eman dizkit. Bigarren parte horretan asko gozatu dut azkenean, eta gutxitan gertatzen bada ere, finala irauli ahal izan dut», adierazi zuen pilotari ataundarrak, hunkituta, txapela duela gutxi hil zaion aitonari eskaini eta gero. ERAUNTSIA URANZUN Senar zen B Serieko txapela irabazteko faboritoa, baina Unai Amianok, erauntsia balitz bezala, airean eraman zuen aurreneko tantoetan. Lehen sakea Senarrek atera zuen eta tanto gogor baten ostean irundarrak egin zuen aurreneko tantoa; handik aurrera etxeko pilotariak sekulako bolada kateatu zuen, bere ezker horrekin ataundarra batera eta bestera zarabandaka erabilita. Eten egin behar jokoa Senarrek, zer bestela, Amianok markagailua 0-5 jarri zuenean, baina horrek ez zuen pilotari urdina hoztu, ezta geldiarazi ere. Gezurra dirudi profesionaletan duela bi hilabete debutatu zuela esatea ere. Eta Senarrek, artean 0-7 galtzen ari zela, aukera izan zuen aurreneko aldian, ezker-zeharra kanpora joan zitzaion. Hori ere gertatu egin behar hain txapelketa aparta egin eta gero! Hurrengo tantoan Amianori txapara ihes egin zion pilotakada bati esker lortu zuen Ataungo pilotariak hutsekoa gainetik kentzea. Bi tanto iraun zuen Senarren boladak, baina behintzat bere eskuina dantzan jartzea lortu zuen halakoren batean. Tanto askorik sartu ezinik baina piloteoa berdinduz, desabantaila lauzpabost tantoren bueltan egonkortzea lortu zuen ataundarrak. Jakina, ez zen hori bere helburua, neurketa iraultzea baino, eta horretan ez zion erraztasunik eman Amianok. Ezkerraz egundoko jokaldiak egin zituen Irungo aurrelariak; 9-14ko horma-bikoa, esaterako, billarrean ariko balitz bezala marraztua pilotaren atzetik korrika aritu zen Senarren aurrean. INDARRAREN LEGEA Azken zatira biak sasoiko ailegatu baziren ere, Senar sendoago iritsi zen. Ez zuen inoiz ere etsirik hartu eta eskuina bere lana egiten hasi zitzaion, bereziki sakez. Sake guztiak ezker horman errenditu zituen eta pilota bera kentzeko zailagoa izanda, ezin irundarrak miraririk egin. Errematea ere martxan jarri zuen azkenean txapeldun suertatu zen pilotariak. Ia zuzenean, 12-1eko partziala eginda irabazi zuen Beñat Senarrek B Serieko Lau eta Erdiko finala. Datorren urtean onenekin izango da, beraz, pilotari gipuzkoarra, baina garrantzitsuagoa dena, atzetik joaten eta sufritzen ere badakiela erakutsi zuen, finalari duintasuna eta kalitatea eman zion Amianoren aurka. UNAI LASOUgartemendia bizkartzain zuela, bost hilabeteren ondoren berragertu zen Unai Laso. Elordi eta Gaskueren aurrean 22-10 galdu zuen aurrelari nafarrak, oraindik jokoz urri dabilelako, baina behintzat belaunean ez zuen minik sentitu.