GARA Euskal Herriko egunkaria

A25ean guztien inplikazioa eta «ezkutuko indarkeria» bistaratzea eskatuko dute

Emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko borrokan inplikatzeko eskatuko dio gizarte osoari Emakundek azaroaren 25eko kanpainan. Nafarroako Gobernuak, bestalde, «ezkutuko indarkerietan» eta mikromatxismoetan jarriko du arreta. EAEn bizi diren 16 eta 85 urte arteko emakumeen %48,2k noizbait bortizkeria pairatu dute.

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, 2023ko A25ean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, azaroaren 25ean Hego Euskal Herriko gobernuek kanpaina bana jarri dute martxan. Emakundek borroka honetan inplikatzeko eskatuko dio gizarte osoari eta Nafarroako Gobernuak kanpaina «ezkutuko indarkerien» eta mikromatxismoaren inguruan jorratuko du.

“Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada” du izena Emakundek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eudelekin abian jarri duen kanpainak. Atzotik azaroaren 25era bitartean egingo da telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta beste publizitate euskarri batzuetan.

Gainera, kanpainan zehar azpimarratuko da bi emakumetik batek bortizkeria jasan duela EAEn, eta, beraz, erantzukizun soziala, komunitarioa eta instituzionala dela indarkeria matxistaren biktimei arreta ematea eta entzutea.

Kanpaina Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.500 emakumeri egindako “Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mota batzuei buruzko inkesta 2024”-ren datuetan oinarritu da.

Azterlanaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren 16 eta 85 urte arteko emakumeen %48,2k noizbait pairatu dute biolentzia motaren bat bikote barruan edo bikotetik kanpo, eta bitik batek bizitzan zehar. Salaketak kasuen %15era iristen ez diren arren, emakumeen %80k diote indarkeria horren berri ematen dietela lagunei, senideei, ingurune hurbilari.

Nafarroako leloa “Egunerokoan ere ezkutatzen da indarkeria. Ikusaraz dezagun” da eta horrekin salatu nahi dituzte modu okerrean kaltegabetzat edo ez hain larritzat jotzen diren indarkeriak baina benetan generoan oinarritutako «kontrol-, desbalorizazio- edo diskriminazio-moduak» sortzen dituztenak.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren asmoa egunero entzuten, ikusten edo egiten dugunaren inguruko hausnarketa sustatzea da, bortizkeria modu horiek errazago detektatzeko eta horiek ‘naturalizatu’ ez daitezen.

Biolentzia modu normalizatu ohikoenen artean indarkeria psikologikoa, ekonomikoa eta sinbolikoa daude. Azken hori batez ere emakumeen gorputzari eta estereotipo sexisten arabera ezartzen zaizkien itxaropenei zuzenduta dago.

Eguneroko eraso horien ondorioz, emakume askok manipulazioa eta autoestimuaren eta autonomiaren galera sentitzen dituzte, eta, horrek, kasu batzuetan, indarkeria modu larriagoak ekar ditzake.

«Horrela janzten bada, ez dadila kexatu», «Ez diet beste batzuei ‘like’ emango, haserretu ez dadin», «Isilik geratzen banaiz edo kontra egiten ez badiot, lasaitu eta gelditu egiten da» eta «Piropo bat besterik ez zen, ez dago zertan esajeratu»; halako esaldiak hautatu dituzte era horretako indarkeriaren inguruan gogoeta egitera bultzatzeko.