15 NOV. 2025 KOLABORAZIOA Munduko norabidea aldatzen ari zaigu? Joxe IRIARTE, «Bikila» Alternatibako kidea Azken urteetan munduak okerrera egin du: faxismoa toki guztietan zabaltzen ari da eta AEB munduko herri boteretsuenean txotxongilo arriskutsu bat gobernuaren jabe egin da. Gerra eta sarraskiak Ukrainan eta Gazan. Herrialde horretan ikusten ari garenak gure amesgaiztoak gainditu ditu. Gure begien aurrean herri bat masakratzen ari dira munduko nagusien konplizitatearekin. Baina zorionez, horrek ekarri du protesta, haserrea ere, inoiz ez bezala. Mundu guztian herritarrek Israeli boikota egitea eskatzen ari gara. Eta hori berria da, hauspotu egiten du injustiziaren kontrako mundu protesta. Aldi berean, AEBn, Trump “erregearen” aurkako protesta biziak eta zabalak ikusi ditugu, eta New Yorken eta beste tokietan demokratak hauteskundetan irabazten ari dira; hori berez ez litzake izango nobedade bat, izan ez balitz Zohan Mamdani alkate berria sozialista bat dela, Trumpen aurkari sutsua. Frantziako Errepublikan, Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Dena blokeatu! herri mugimendu indartsuak giro politikoari astinaldi berri bat eman dio. Irlandako hauteskundeetan Catherine Connollyk inoizko ehunekorik handiena eta boto kopuru handiena lortu zuen eta haren inguruan mugimendu sozial handia sortu da. Ez dago tamaina horretako mugimendu bihurtu den presidentetzarako kanpainen aurrekaririk historia hurbilean. Karrera armamentistikoaren aurrean, armagabetzea eta neutraltasuna babesten ditu, etxebizitza eskubidea babesten du eta gizarte berdinzaleagoa eta bidezkoagoa nahi du. Eta Palestinaren askatasunari buruz argi hitz egingo duen presidente bat izan nahi du. Catherine Connollyk berak «Errepublika berri bat» deitu zuena eraikitzeko lan egingo duen mugimendu bat sortzeko egindako deiak oihartzun handia izan du. Marokon, gaztediak protestari ekin dio; halaber, Nepalen matxinada bat ezagutu dugu. Mundu zabalean, zantzu batzuk besterik ez dira, baina, agian, norabide aldaketa adieraz lezakete. Izan ere, klase borrokan zikloak izaten dira. Ziklo berri baten aurrean gaude: erantzungo al diogu erreakzioari? 2011ko maiatzaren 15ean, uste ez genuenean, gazte suminduek planto egin zuten Iberiar penintsulako (Portugal barne) hiriburuetako plazetan. Grezian eta, batez ere, arabiar herrialdeetan suminduen loraldia ezagutu genuen. Dena ez dago galdua, gurean ere faxismoaren aurkako sentsibilitatea gora egiten ari da kalean zein gizartean, eta gure artean eztabaida sortu bada borroka moldeen inguruan, garrantzia dauka denon artean aritzea bloke eraginkor bat sortzen... Mundu zabalean, zantzu batzuk besterik ez dira, baina, agian, norabide aldaketa adieraz lezakete