GARA Euskal Herriko egunkaria

Omenaldi hunkigarria egin diete Erreniegan han hil zituztenei


Erreniegako hilobiak protagonista izan ziren atzo. Urtero legez, mendilerroan frankismoan fusilatutako pertsonak omendu zituzten zortzi urte bete dituen oroigarrian.

Memoriala Peio Iraizozen lana da, Fosas de la Sierra del Perdón-Erreniegako Hilobiak elkarteak sustatua. Hildako pertsonak ekartzen ditu gogora, eta inguruan espiral moduan kokatutako hemeretzi harriek, berriz, hildakoen jatorrizko herriak irudikatzen dituzte.

Omenaldia 12.00etan hasi zen eta ekitaldian zenbait pertsonak hartu zuten hitza. Era berean, aurreskua dantzatu zuten, lore eskaintza egin zen, zuzeneko musika izan zen eta luntxa ere bai. Horiek amaitutakoan, Paternainen herri bazkaria egin zuten hara bertaratu zirenek.

ERREPRESALIATUAK

Erreniegan 92 pertsona erail zituzten 1936 eta 1937 bitartean; gehienak justizia sozialaren eta demokraziaren aldeko ideia politikoak izateagatik errepresaliatuak, 1936ko kolpe militarraren ostean. Epaiketarik gabe, mendian hil zituzten, eta bertan lurperatu.

1970eko hamarkadaren amaieran egindako desobiratzeetan gorpuzki ugari berreskuratzea lortu zuten.