17 NOV. 2025 Peioren meritua Ibai ZABALA Pilotari ohia Lau eta Erdiko final honetan ikusi dudana izan da Peio Etxeberria oso on bat. Berak agindu du momentu guztietan. Javier Zabala oso ondo hasi zen baina esango nuke gero apur bat utzi ziola Peiori bere aginte makila hartzen eta gero hark ez zuen soltatu. Tantoetan bera izan zen ezker-eskuma Zabala mugiarazi zuena. Atzokoan, gehiago izan zen Peio Etxeberriaren partida on bat, Zabalaren partida txar bat baino. Zabala markagailuan aurreratu zen (0-2 eta 2-4) baina, ondoren, Etxeberriak 16-1eko partziala ezarri zuen. Eta bilakaera hori ere izan zen gehiago Peioren meritua, Zabalaren akatsen ondorio baino. Beti esaten da aurkariak asko jotzen duenean norberak gutxi jokatzen duela eta atzoko finalean hori gertatu zen. 22-11 izan zen azken emaitza baina, hala ere, pentsatzen dut Javi Zabala etxera pozik joateko moduan zegoela, nahiz eta maila honetan, partida bat galdu ostean inor ez den pozik egoten. Partida duina egin zuen errioxarrak eta hori nabarmendu nahiko nuke. Bestalde, Peiok, atzo egindako partidarekin ez luke inongo kexarik eduki behar. Defentsan oso ongi ibili zen, agintzeko orduan ere determinazioz. Pozik egoteko moduan dago. Zabalari gertatu zaio, akaso, Peiori lehendabiziko final hartan gertatu zitzaiona: esperientzia faltagatik urduritasunak ere kudeatzeko zailtasun gehiago izaten direla. Hala ere, azpimarratu nahiko nuke, Zabalak lasaiago jokatu izan balu ere, Peio Etxeberriak berdin-berdin irabaziko zukeela atzo erakutsitako jokoa eginez gero. Zabalak lasaiago jokatu izan balu, Peio Etxeberriak berdin-berdin irabaziko zukeen atzo erakutsitako jokoa eginez gero.