GARA Euskal Herriko egunkaria
PLURIBUS

Zoriontasunak mundua kutsatzen duenekoa


Vince Gilligan, Rhea Seehorn eta Albuquerque. Hiru izen horiek entzutea nahikoa da “Breaking Bad” edo “Better Call Saul’’ maisulanen zaleen arreta berehala pizteko. Orain, hiru izen horiek elkartu egin dira berriro “Pluribus” telesailean. Vince Gilligan da proiektuaren gidaria, protagonistaren rola Rhea Seehornek betetzen du eta istorioa Albuquerquen, Mexiko Berrian, girotuta dago.

Laborategi batean birus ezezagun baten inguruko esperimentuak egiten ari dira, baina zerbait gaizki aterako da: birusak ihes egingo du, eta, apurka-apurka, munduan barna hedatzen hasiko da.

Premisa hori zineman maiz agertu da, baina “Pluribus”-ek birus horrek eragiten duen ondorio berezi eta bitxiarekin harrituko gaitu: kutsatutako guztiak pertsona alai, adeitsu, lagunkoi eta atsegin bihurtzen dira, adimen artifizialaren bidez sortutako roboten antzera, konplexutasunik gabe. Baina birusak ez du eragin bera izango gizaki guztiengan. Batzuk ez dira bizirik aterako, eta beste batzuek -munduan 12 pertsona inguru-, aldiz, ez dute inolako aldaketarik jasango; berdin jarraituko dute horiek. Horien artean dago telesaileko protagonista: Carol (Rhea Seehorn).

“Breaking Bad” telesailaren sortzailea eremu guztiz berri batean murgildu bada ere, “Pluribus”-ek sortzailearen ukitu bereziari eusten dio: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, metafora bisual zoragarriak, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Umore beltza eta ironia fina agertzen dira berriro ere, baita Gilliganen unibertsoan ohikoak diren pertsonaia berezi, kontraesankor eta hunkigarriak ere.

Espektatibak handiak ziren, baina gainditu egin ditu: “Pluribus” urteko telesaila da.