20 NOV. 2025 Abereen gaitzak ala nagusitu den nekazaritza ereduarenak berarenak? Dermatosi nodularra albiste da, oraindik Euskal Herrian horren ondoriorik ikusi ez den arren. Nagusitu den eredu agroindustrialean jarri dute azpimarra abeltzain eta adituek NAIZ Irratiak egin duen saio berezian. Ekoizpena kolektibo egiteko beharra ere nabarmendu dute, «bakardadeak zaurgarriago egiten duelako pertsona». Piriniotar behia eta behizaina, Harpeako gainetan. (Patxi BELTZAIZ) Ion TELLERIA Eredu agroindustriala ageri da atzean, eta ia hizpide guztietan, abeltzaintzaren oztopoen inguruan hausnarrean hasita. NAIZ Irratiak sektorearen egoera aztertzeko saio berezia egin du Berrizen dagoen Urkiolako Landa Garapen Alkartetik. Abiapuntua «dermatosi nodular kutsakor» izeneko gaitza izan da, azken hilabeteotan alarma izugarria piztu duena; «sektorea larritzen duen gaitza da -na- barmendu du Asier Albite albaitariak-; ez da gizakietara pasatzen, baina ondorio larriak ditu behietan: ekoizpen jaitsiera itzela eragiten du eta, kasu batzuetan, heriotza ere bai». Markel Enzunza abeltzainak, azken urteetan iristen ari diren gaitzak hizpide hartuta, azaldu du «ohitu» ere egin direla dagoeneko egoera honetara: «Gure lanaren parte bihurtu dira gaitzak, are gehiago mundu globalizatu honetan; nekazaritza eredu intentsiboak eta monolaborantzak ekartzen dituen ondorioetako bat da horrelako gaixotasunen hedapena». Eredua bera jarri dute jomugan aditu denek, animalien joan-etorri izugarriak zuzenean eragiten duelako gaitzen hedatze horretan. Adibidea, Enzunzarena berarena: Bartzelonako hiltegi batean lanean aritu zen; mundu osoko animaliak iristen ziren bertara. Zeelanda Berritik ekartzen zituzten bildotsak itsasontziz egindako bidaian gizentzen zituzten, portura iristean hiltzeko prest egon zitezen. Neiker taldeko ikertzailea da Jesse Barandika eta gaitzei aurre egiteko neurri garrantzitsuena «animalien mugikortasuna kontrolatzea» dela dio. Euskal Herrian aztertutako laginetan dermatosiarekin kutsatutakorik ez omen da agertu; tuberkulosiaren kasuan, ordea, izan dira. «Nondik etorri da gaitza?», galdetu dio Albite albaitariak; bi jatorri nagusi aipatu ditu Neikerrekoak, kanpotik ekarritako animaliak eta, neurri txikiagoan, animalia basatiekin izandako balizko kontaktua. BERTAKOA GARESTI? Bide guztiek Erromara ematen duten bezala, abeltzaintzaren egoeraren inguruko galdera guztiek erantzun berera ematen dute: nagusitu den eredu agroindustriala. Markel Enzunzaren ustez, eredu agroindustrial honek «ekartzen duena da animaliak moneta hutsa direla». Sektorea gobernatzen duten makroenpresentzat «dirua da interes bakarra» eta animaliengandik «probetxu ekonomikoa soilik» bilatzen dute, era intentsiboan. Parean eredu estentsiboa aldarrikatu du, «aldi berean mendia zaintzen ari zarelako, karbonoa ezartzen...». Albitek ere hortik jo du: «Lurrari etekina atera behar zaio, baina geroa ziurtatuta. Oreka hori topatzea ez da erraza, baina nekazaritza jasangarria bultzatu beharko genuke». Enzunzak biribildu du ideia: «Animalien mugimendu izugarri horiek ekidin beharko genituzke eta bertakoa kontsumitu». Egungo kontsumo ohiturez ere jardun du Albitek, eta nabarmendu du jendeak urte osoan jan nahi duela haragia, «eta ahal bada, merke» baina gizarte bezala zoritxarrez ez gaudela prest ordaintzeko animalia hori bertan ekoiztea kostatzen dena eta horren ondorioz sortzen direla animalia fluxu izugarri horiek. «Ideologia sartzen da hor», Enzunza abeltzainaren iritziz; «aurten ez dugu haragitarako behirik izan eta ez dugu loterik egin». Euren haragia zuzeneko salmenta bidez merkaturatzen dute, baina dagoenean; «zuk ikusten baduzu ez duzula behirik haragitarako eta erosi egin behar baduzu, zer eredutatik datorren ez dakizuna…». Kontzientziak astindu beharra dagoela esan du; «bezero horri adierazten badiozu ‘ba begira, aurten ez da posible izan eta ez da behi haragirik egongo’, kontzientzia sortzen ari zara». EHNEko Unzalu Salterain ere kezkatuta agertu da gaitzen zabalpenarekin: «Gaixotasun honen eta azken urteetan ezagutu ditugunen atzean eredua dago eta eredu horrek sortzen duen krisi klimatikoa». ERRELEBOA Azken urteetako gaitzen areagotzea lehendik ere bide argirik ikusten ez duen sektore bati zailtasun gehigarriak jartzera dator; «eta oso zaila da ezarri den ezkortasunarekin, modu horretan, jendea erakartzea», esan du Salterainek. Hamar edo hogei urte barru nork ekoitziko du behi-haragia? «Galdera horri erantzuteko jakin beharko dugu zer egingo dugun hemendik aurrera», erantzun du EHNEko kideak. «Plangintza ausartak» eskatu ditu eta «begirada luzea; «galdera hori orain bi hamarkada egin bagenu, ez ginateke egoera honetan egongo».