GARA Euskal Herriko egunkaria

JOSU URRUTIKOETXEA, BIZITZA OSO BATEN MEMORIA POLITIKOAK

Fernando Alonso kazetari eta idazleak Josu Urrutikoetxearen memoria pertsonal eta politikoak bildu ditu bere liburu berrian; 1968an ETAn sartu zenetik gaur egun arte. GARAk argitaratu du «Josu Urrutikoetxea. Belaunaldien arteko katebegia» liburua eta asteburu honetan erosi ahal izango da ohiko saltokietan, egunkariarekin batera.

- (GARA)

Kontakizunak Josu Urrutikoetxearen ahots zuzena jasotzen du, eta zehatz-mehatz xehatzen ditu ehunka pasadizo eta gertaera politiko garrantzitsu: besteak beste, ETA erakundearen nazioarteko harremanak, Aljeriako elkarrizketa prozesua, jazarpen poliziala, kartzela, Lizarra-Garazi, parlamentari autonomiko gisa izandako esperientzia, ETAren eta Gobernu espainolaren arteko negoziazioak Suitzan, erakunde armatuaren 2018ko azken komunikatuaren irakurketa eta klandestinitatera itzultzea. Era berean, Alpeetan nortasun faltsuarekin atxilotu zuten arte zuen babeslekua ere erakusten du Urrutikoetxeak.

Estilo bizian idatzitako narrazioa une gogor eta harrigarriz beteta dago, tartean istorio txikiak zein gaur egun arte ezezagunak ziren jazoera handiak. Liburuak Urrutikoetxearen biografia osoaren lekuko diren 50 argazki baino gehiago ere jasotzen ditu. Gainera, bi partaidetza garrantzitsu ditu liburuak. Hitzaurrean, Gerry Kelly IRAko kide ohiak Urrutikoetxearen «ausardia, sendotasuna eta konpromiso etengabea» nabarmentzen ditu «inspirazio iturri gisa». Bestalde, Martin Griffiths Nazio Batuetako goi diplomatiko eta ETAren eta Gobernu espainiarraren arteko bitartekariak epilogoan adierazten duenez, beti gogoratuko du Urrutikoetxea «bakea posible egin zuten gutxienetako bat bezala».