GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL ARTISTEN II. MINTEGIA

Euskal kultur ekosistema: nork, norekin eta norentzat?

Euskal kultur ekosistemaren lehentasun eta erronka estrategikoen inguruan hausnartu zuen atzo Lanartea elkarteak, UEUrekin elkarlanean. Hainbat kulturgile profesional eta ez-profesional bildu zituen, haien esperientzia pertsonaletatik gogoeta kolektiboa osatzeko. Lan baldintzak, euskal izaera, politika publikoak, transmisioa, botere harremanak eta kultura herritarra izan zituzten hizpide.

II. Euskal Artisten Mintegia izan zen, atzo, Donostian. (IJon URBE | FOKU)

Inor ez da harrituko, euskal kulturaren ekosistema egoera kaskarrean dela badiogu. Motz gelditu garela esango duenik ere izango da. Eta ez zaio arrazoirik faltako. Egoera iraultzeko zailtasunak ere nabarmenak dira, ertz asko baititu auziak: artisten prekaritatea, kultura politika antzuak, eta euskararen eta euskal artearen gutxiespena, besteak beste.

2023an artisten estatutuaz hausnartzeko Euskal Artisten I. Mintegia antolatu zuen Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, UEUrekin elkarlanean, Oiartzunen. Tarte horretan, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzei Buruzko Inkestaren bitartez, euskarazko kultura egitearen kostu ekonomikoa zenbakietara eraman zuen. Urteetan egindako ikerlanekin batera, euskal kultur ekosistema biziberritzeko urratsen inguruan sakondu dute aurten, Donostian atzo egin zuten II. Mintegian.

Ander Lipus antzerkilaria, Uharte Arte Garaikidearen Zentroko zuzendari Oskia Ugarte, Gotzon Barandiaran kulturgilea, Unai Iturriaga bertsolari eta ilustratzailea, Ihitz Iriart abeslari eta kultur ekintzailea, Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanartea elkarteko koordinatzailea eta Iratxe Retolaza ikertzaile eta kultur bitartekaria aritu ziren ekosistema horren ezaugarritzea azaltzen. Nor bere bizipenetatik abiatuta, arlo zehatz baten inguruan mintzatu ziren, modu kolektiboan erronkak eta lehentasunak zehazteko asmoz. Zer da estrategikoa euskal kulturgintza ekosistemaren osasunerako?

Edozein eztabaida hasi aurretik, eztabaida horren elementuak ezagutzea komeni da. Markoa ezartzea. Eta akaso hori da euskal kultur ekosistemak bidean topatzen duen lehen harri-koskorra. Dena al da euskal kultura? Euskal antzerkiarekin lehen harremana UEUren bitartez izan zuen Ander Lipus antzerkilariak. Bi urtetan irakasle bihurtu zen; agerikoa da jauzia. Madrilen gazteleraz jardun ostean, Bilbon antzerki elebidunean aritzen zen eta, horren ostean, euskara hutseko jardunari ekin zion. Definitzeko eta zehazteko beharra dagoela aditzera eman zuen: «Euskal hitza erabiltzen ez baduzu, dena erdarara doa».

NORK

Sortzailea, artista, kulturgilea... Izenpetzeko forma asko erabili ziren hizketaldietan, batzuetan kontrastean, beste batzuetan kontraesanean. Nor da euskararen profesionala? Eskubidea al da? Edonor izan al daiteke euskararen profesionala? Unai Iturriaga bertsolariak jaurti zituen galdera horiek. «Gure burua langile moduan ikusi behar dugu». Eta, alde horretatik, «langile bezala kexatu; ez manifestu poetikoak idatziz edo podcastak eginez; lanik ez eginez, alegia!». Zirikatzaile jardun zen bertsolaria.

Bitartekaritzarako eta negoziaziorako «muskulua» behar dela nabarmendu zuen. «Sindikatua eta patronala» bereizi beharra dago, baina ez da erraza egitea. «Zer gertatzen da langile eta patronala baldin bagara aldi berean?»

Iratxe Retolaza kultur bitartekariak azaldu zuen artisten eta kulturgintzaren sareetan egiturak oso gutxitan direla agerikoak edo esplizituak eta, beraz, bertan sortzen diren botere harremanak ere «lausoak» direla. Hainbat «itzal» edo zama gehitu zituen; tartean, euskalduna langilea den ustea, ordainsariaz hitz egiteko tabua eta sortzaile militantearen figura.

Ihitz Iriartek profesionaltasunetik harago begiratu nahi izan zuen. «Kulturgile» hitza jarri zuen mahai gainean, eta sarri «modu traketsean» erabiltzen dela gehitu. «Kultur profesionalari buruz ari gara normalean eta kultura egiten ari den masa bat kanpoan uzten ari gara». Dirulaguntzak, arreta mediatikoa... Dena eremu profesionalera mugatzen dela kritikatu zuen. «Kultura herrikoiak ez du etekinik eta, beraz, ez da interesgarri».

NOREKIN

Politika publikoen inguruan mintzatu zen Amagoia Gurrutxaga, Lanartea elkartearen izenean. Lakuako gobernuak Euskal Kultur Sistemaren Legea legegintzaldi honetarako iragarri du. Gurrutxagak salatu zuen «Madrilen ondutakoa geurean nola aplikatu» jakin nahian dabiltzala instituzioak. Alde horretatik, legea euskal kulturaren idiosinkrasia eta euskararen egoera diglosikoa kontuan hartu gabe pentsatzen ari direla kritikatu zuen.

Hainbat administraziorekin bildu diren arren, gorreria selektiboa salatu zuen Gurrutxagak. Euskal kulturgileen beharrak eta kritikak kontuan hartu ez eta merkatuaren logikari men egiten ari zaiola salatu zuen. Finantzaketaz ere aritu zen. «Dirua egon badago, baina zertan inbertitzen da?».

Hainbat aurrerapen egin direla onartu zuen Oskia Ugartek, eskubideak aitortzen hasi dela arlo legalean. Bermatzetik urrun direla gehitu zuen, halere. Horrez gain, kultura politiken estrategia orokor bat falta dela salatu zuen: «Zaila da oin azpian lurra etengabe mugitzen duzula ibiltzea».

NORENTZAT

Ugartek kulturgileen eta herritarren artean «partekatzeko espazioen falta» sumatzen duela esan, eta kultur eskubideei ez zaiela garrantzia ematen salatu zuen. «Ez dira luxuzko gehigarri bat. Edonork du bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea».

Transmisioa ere gakoa da. Gotzon Barandiaranek erronka nagusia kulturazaleak sortzea dela esan zuen. «Euskaraz sortzeko grina sortu behar da». Horrela, komunitatean eta hezkuntzan eraginez, «praktikaren transmisioa» garatzea hobetsi zuen; adibide sinple bat eman zuen: «Idazleak idatz dezala irakurzalea delako». Eginkizun horri begira hainbat proposamen egin zituen, tartean, dirulaguntzetan eta programazioan kuotak ezartzea. Hizkuntza larrialdi bizi dugula ohartarazi zuen Barandiaranek.