21 NOV. 2025 Guardia zibil ohi batek euskal abokatu baten kontra jo du, ez dagokion dirua jaso nahian Hilaren 25ean Bilboko instrukzio epaitegi batean deklaratu beharko du Iñigo Santxo abokatuak, ikertu gisa deituta. Salatzailea guardia zibil ohi bat da; 1980. urtean Ispasterren jazotako atentatua dela-eta dirulaguntza ofiziala jaso nahi du, nahiz eta Madrilek eta Gasteizko gobernuak ukatu egin dioten biktima izaera. Zenbait guardia zibil, domina ugari paparrean, Iruñean, urriaren 12an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Ramon SOLA Aski ezaguna da guardia zibil ugarik Estatuak eragindako biktimei erreparazioa emateko legearen kontrako sabotajea abiatu zutela. Beraiek ere biktima zirela argudiatuz, arau horren babespean jartzeko saiakera itsuan, eskaera mordoa egin zuten, 500dik gora. Legea desitxuratu nahi izan zuten horrela, eta Balorazio Batzordearen jarduna nabarmen oztopatu zuten. Testuinguru horretan sar daiteke hurrengo kasu hau ere, nahiz eta orain iruzurtu nahi izan den araua ez den Estatuaren biktimen aldekoa, ETAren atentatuei dagokiena baizik. Kontu luzea da: 1980. urtea du abiapuntu, Ispasterren gertatutako talka armatu odoltsua, hain zuzen, eta oraindik ez da amaitu, ordutik 45 urte igaro direnean. Korapilatsua ere bada, ibilbide luze honetan biktimentzako legeak ez ezik ‘doako justizia’-ren arauak bortxatu nahi izan dituelako kasu honetan protagonista den guardia zibilak. Azken korapiloa askatu gabe dago oraindik: euskal abokatu ezagun baten kontra egin du guardia zibil ohiak, kereila bidez. Iñigo Santxo Uriarte da abokatua. Gertatutakoa atalez atal laburbiltzen hasi aurretik, testuingurua osatzeko gogoan hartu behar da duela urte gutxi hasi direla Estatuak eragindako biktimen erreparaziorako prozesuak, EAEn zein Nafarroan (Estatu mailan ez dago ezer). ETArenak, ordea, askoz lehenago abiatu ziren, 90eko hamarkadan, Madrildik zein euskal erakundeetatik, eta baliabide gehiago eskainiz. ISPASTERREKOTIK ERRETIROA LORTU ARTEKOA Gaur egun Galizian bizi den guardia zibil ohi honek Euskal Herrian ziharduen 1980ko otsailean, Markinako kuartelean. Urte hartako otsailaren 1ean ETAk euskal lurretan egin zuen ekintza gogorrenetakoa burutu zuen: Ispasterren zebilen auto multzo baten kontra jo zuen, tiroz eta lehergailuz. Talka horren ondorioz sei guardia zibil hil ziren, baita bi etakide ere. Handik hamahiru urtera guardia zibil honek azaldu zuen erasotako autoetako batean joatekoa zela bera ere, baina azken unean lan txanda aldatu ziola kide bati eta horri esker salbatu zela. Halere, gorpuak jasotzera joan behar izan zuela eta horrek biziki hunkitu zuela erantsi zuen. Hori argudiatuta, biktima aitor zezatela eta horren ondoriozko laguntza eman ziezaiotela eskatu zuen. Geroztik Barne Ministerioaren aurrean hainbat aldiz eskatu du hori eta ukatu egin diote behin eta berriro, jasandako «inpaktu emozionala» ez delako biktimatzat hartzeko nahikoa. Madrilen ateak itxita, Gasteizera jo zuen, 2008an onartutako legean eta 2010eko dekretuan babesa lortzeko itxaropenez, baina hor ere erantzun bera jaso zuen: ETAren biktima ez denez, laguntza ekonomikorik ez dagokio. Ibilbide honetan, eskatutako dirua ez, baina lanetik erretiratua izatea lortu zuen agenteak. 1980ko atentatu haren eragin psikologikoa ontzat emanda, behin betiko erretiroa onetsi zion Auzitegi Nazionalak 2020an, 40 urte geroago. DOAKO JUSTIZIA ETA KEREILA . Kontu liskartsu honen bigarren zatia hemen hasten da, gaurdaino luzatu dena. Lakuako ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu zuen guardia zibil ohiak EAEko Auzitegi Nagusian, eta horretarako ‘doako justizia’ jasotzea eskatu zuen, beharrezko tramiteak ordaintzeko aukerarik ez duten pertsonei eskaintzen zaien laguntza berezia jasotzea. Abokatutzaren Elkargoaren batzordeak aztertu zuen eskaera eta ez zuen ontzat jo. Izan ere, gizona zenbait ondasunen jabe zela agertu zen (bi etxe Katalunia aldean, beste bat Galizian...), eta, gainera, 3.500 eurotik gorako erretiro-pentsioa jasotzen duela egiaztatu zen. Horretan ere temati agertu zen berriz protagonista, eta EAEko Auzitegi Nagusira eraman zuen laguntza hori lortzeko borroka, baita azkenean helburua lortu ere. Horren ostean, doako justiziaren sisteman diharduen euskal abokatu bat esleitu zitzaion. Guardia zibil ohiaren eskaria aztertu ondoren, «bideraezina» zela ondorioztatu zuen Santxok eta horrela adierazi zuen idazki bidez. Fiskaltzak bat egin zuen abokatuaren iritziarekin, eta horrekin dena amaituko zela zirudien. Baina ez... Orain abokatua jarri du jopuntuan guardia zibil ohiak. Haren kontrako kereila aurkeztu du. Besteak beste, ‘desleialtasun profesionalez’ jokatu duela leporatzen dio. Eta zitazioa jaso du ondorioz Santxok, hilaren 25erako Bilboko auzitegian. ERRETIRATUAEskatutako dirua ez, baina lanetik behar baino lehenago erretiratua izatea lortu zuen agenteak 2020. urtean, atentatutik 40 urtera, alegia.