24 NOV. 2025 Umorea Jon GARMENDIA Idazlea Bertsotara joateko dramatismoz jantzi behar zarela erran didazu, mozorrotu egin behar zarela ia, baina ez zarela arropaz mintzo, badakizulako bukaeran norbaitek iritzia galdetuko dizula eta «saio on bat» izan dela erantzun beharko diozula. Gaur egun politikoki zuzena izan behar dela erraten den horretan guztian, eta jendaurrean emandako iritziak pare bat filtro pasa behar dituela, autozentsura aplikatzen diogula geure buruari nolabait. Garden aitortu didazu. Ados. Baina hau ez dela bertsoen gaiarekin soilik pasatzen, halaxe erantzun dizut, baizik denean. Eta bertsoen gaiari heldu diot, ezen asteburuan Ainhoara joan naiz Xilabako lehen faseko hirugarren saioa ikustera, eta uste nuena baino gehiago gozatu dut. Antton Telleriari «ondo pasatzera etorri gara, hau ez da bertso saio bat» entzun nionetik zer pentsatua ekartzen baitit bertsoen liturgia serio horrek, umoretik guti eta dramatik ainitz. Errazagoa balitz bezala negarra sortzea irria baino. Tira, txapelketak dakarren urduritasun eta ardurak sortzen duela hau, hori uste dut. Ainhoan Xilabako bertsolariek lehiari desberdin heltzen diotela pentsatu dut bestalde, doinuz, kantaeraz, tokiko euskaragatik, edo serioan umorea jarriz, ardi beltzarena. Ramuntxo Christy garailearen esaldi hau lagin gisa: «Gutaz ez da hain harro izanen hilobian Etxepare». Esan nahi duen guztiarekin, jarrera horrekin gelditzen naiz ni.