GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Heldutan


Zer da heldua izatea? Erantzun erabat zuzena oraino definitu ez dudan arren, pistaren bat zirriborratzen hasi naiz: dena zuri edo beltza den ideia sakrifikatu eta grisa onartu, batzuetan. Ñabardurak, alegia. Ez beltzaren edo zuriaren erradikaltasunean sinetsi nahi ez dudalako, baizik eta errealitate kolpe bat bezala datorkit.

Abuztuan Istanbulen nengoen. Une zinez magikoa bizi izan nuen Bosforoa lehenbizikoz ikustean: ilunabarrean, hiriaren zerumuga marrazten zen meskita guzien argi distiratsuak agertuz. «Ezin dut sinetsi», esaten genuen, «ederra da!». Eta egunak joan ahala, errealitateak jotzen ninduen kolpez: Erdoğanen errepresioa, kurduen estatusa, turismoaren babespeko diskriminazio sozialak.

Joan den ostiralean, elurra ari zuen Euskal Herriko hainbat txokotan. Iruñean esnatu ginen geruza zuri batekin teilatuetan. Emozionatu nintzen (barka nire inozentzia mediterraneoa), baina filtro gris batek agudo zikindu zuen hiriaren zuritasuna: oroitu nintzen duela hiru aste etxegabetze bat izan zela Errotxapea auzoan. Bezperan, emakume hark, teilaturik eta oherik gabekoak, hauxe idatzi zigun: «Mesedez, lo egiteko leku bat behar dut, gaixotu egin naiz». Etxebizitza sindikatuen arabera, negu honetan 200 lagun kale gorrian geldituko dira Iruñean. Zeru grisaren azpian.