GARA Euskal Herriko egunkaria

Hiru pertsona etxegabe hil dira aurten Biarritzen

Etxerik gabeko pertsona bat igandeko 01.00ak aldera topatu zuten hilik oinezko batzuek, Biarritzen. BAB Solidairek nabarmendu duenez, haiek dakitela, udalerrian hiru lagun hil dira aurten kalean.

Merkatu karrikan aurkitu zuten gizona hilik. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den asteburuan, larunbatetik iganderako gauean, etxerik gabeko 46 urteko gizon bat hil zen Biarritzen, Merkatu karrikan, zehazki.

Hain zuzen ere, goizaldeko 01.00ak aldera, oinezko batzuek kalean aurkitu zuten pertsona hori, eta suspertzen saiatu baldin baziren ere, ez zuten lortu. Izan ere, sorospen zerbitzuak heldu zirenerako hilik zegoen gizona.

Azken egunetan tenperaturek hoztera azkar egin baldin badute ere, oraindik ez dago heriotzaren arrazoia jakiterik. Hori dela eta, autopsia bat eginen diote karrikan zendutako pertsona horri, jakiteko ea hotzak hil duen edo bestelako arrazoi batzuk dauden heriotzaren atzean.

BAB Solidaire elkarteak jakinarazi duenez, ostegunean bertan ikusi zuten elkarteko laguntzaileek Bixente ezizeneko gizona, eta «sasoian zirudien». Izan ere, elkarteak ostegun guztietan Biarritzeko eta Baionako itzulia egiten du, etxegabeei oinarrizko material eta elikagaiak emateko helburuz.

Azaldu dutenez, Bixentek aterpeetara joateari uko egiten zion, «ez zuen laguntza dispositiboetara jotzeko ohiturarik». Hain justu, horrelako tokietan «segurtasun falta» dagoela iruditzen zitzaion gizasemeari, «ebatsiko» zioten beldur omen zen.

Hala ere, ez da aurten Biarritzen zendu den lehen pertsona etxegabea. BAB Solidairek nabarmendu duenez, haiek dakitela, gutxienez hirugarrena da jada.

Les morts de la rue kolektiboak osaturiko txostenak azaleratutako datuen arabera, 912 etxegabe hil ziren 2024an Estatu frantses osoan. Gainera, pertsona horiek era «goiztiarrean» hiltzen direla aditzera eman du, batez beste, 47,7 urterekin hiltzen baitira, hau da, «biztanleria orokorrarekin alderatuta, 32 urteko bizi esperantza apalagoa» dute.