GARA Euskal Herriko egunkaria

LABek estatus berrian euskal langileen eskaerak aintzat hartzeko eskatu du

Euskal Autonomia Erkidegorako estatus berrian euskal langileen eskakizunak kontuan hartzeko eskatu zien atzo LABek alderdi politikoei, eta horiekin biltzeko eskaera egin zuen. Igor Arroyo sindikatu abertzaleko koordinatzaile orokorrak gutxieneko soldata, pentsio propioa eta euskal zerbitzu publikoen garapena proposatu zituen.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra, atzoko prentsaurrekoan. (Jon URBE | FOKU)

Azken aste hauetan albiste izan dira EH Bilduren, EAJren eta PSEren arteko elkarrizketak, EAErako estatus berri bat adosteko. Ildo horretan, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak atzo euskal alderdiei adierazi zien sindikatuek estatusaren eztabaidan parte hartzeak duen garrantzia. «Euskal sindikatuok badugu esatekorik eta egitekorik balizko estatus berriari dagokionez. Berritzeko prozesuak sindikatuon eta herri eragileon parte hartzerako mekanismo zehatzak eta eraginkorrak aurreikusi behar ditu», esan zuen prentsaurreko batean.

Bi arrazoi azaldu zituen Arroyok; lehena, langileen lan eta bizi kondizioak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko beharra. Hala, hau azpimarratu zuen: «Lau hamarkadatan patronalaren neurriko autogobernu eredua garatu du EAJk; Ekonomia Ituna eta zerga politika enpresariei mesede egiteko baliatu dira. Aberastasunaren birbanaketarako aukerei uko egin zaie. Langileon lan eta bizi kondizioak hobetzeko orduan, erabat mugatua izan da».

Bigarren arrazoia langileen parte hartzeari lotuta dago. Hala, «estatus berri bat aurrera ateratzeko sor litezkeen oztopoak gainditzeko, ezinbestekoa izango da herri babes eta atxikimendu zabal bat», argudiatu du Arroyok.

«Euskal Herrian bada aktibazio sindikal eta sozial handi bat. Jendarte eredu justuago bat eraikitzeko erregaia da hori, baita olatu erreakzionarioari muga jartzeko errezeta ere. Langileriak eta herri sektoreek, mugimendu feministak edota euskalgintzak egindako eskariei bide emanez gero, bertako instituzioak prestigiatuko lirateke, eta, eskuin muturrak elikatutako antipolitikaren aurrean, Euskal Herrian herri partaidetzan oinarritutako politika egiteko aukera izango genuke», esan zuen.

LAB, ERAGILE AKTIBO

LABek estatus berri baten eztabaidan eragile aktibo izan nahi duela berretsi zuen Arroyok. Orain arte sindikatuen ekarpena jasotzeko prozedurarik egon ez dela ikusita, estatusari buruz elkarrizketan ari diren hiru alderdi politikoekin biltzeko eskaera egin zuen LABek.

EH Bildu eta PSE bilera egiteko prest azaldu dira, ez ordea EAJ; eta hark emandako ezezkoa deitoratu zuen Arroyok: «Estatusarena alderdien arteko afera dela argudiatuz bilera ukatu digu EAJk, eta horrek erakusten du alderdi batzuentzat traba bat dela sindikatuon parte hartzea».

Arroyok oroitarazi zuenez, EAJk argudiatu zuen lanbidearteko gutxieneko soldata propioa ezartzeko bidea herri ekimen legegilea beharrean estatus berriaren eztabaida zela. «Hori esan eta LABekin Euskal Herrian, 2025eko azaroaren 24an, estatus berriaz hitz egiteari uko egitea erabat kontraesankorra da; jarrera zuzentzeko deia egiten diogu EAJri».

Hala ere, LABek euskal langileen eskaerak aintzat har daitezen lan egiten jarraituko duela esan zuen. Alderdien arteko elkarrizketa fasean zein abian jar litekeen ibilbide instituzionalean, lan eta bizi kondizioak hobetzeko tresnak aldarrikatuko ditu.

Horien artean daude gutxieneko soldata propioa ezartzeko eta bertako pentsio sistema osagarria garatzeko ahalmena, tresna soziolaboral propioak eta negoziazio kolektiboaren babesa.

Maila intersektorialean, maila sektorialean eta enpresetan, «patronalaren betoak gainditzeko mekanismoak» eskatu zituen. Bestalde, zerbitzu publikoak mugarik gabe arautzeko aukera eta horien aurrekontuez, funtzio publikoko langileen kontratazioaz edota hizkuntza eskakizunez erabakitzeko ahalmen osoa proposatu zituen.