GARA Euskal Herriko egunkaria

«Le Reveil Basque»-ko berriak aztertu ditu Imanol Muruak «Biba gorriac!» liburuan

Euskarazko prentsa modernoaren aitzindaria izan zen «Le Reveil Basque» astekari errepublikazale elebiduna. 1886tik 1894ra euskaraz ondutako informazioari erreparatu dio Imanol Murua Uriak “Biba gorriac!” (Pamiela) liburuan. Astez aste kazetaritza euskaraz egin zuten lehen kazetari anonimo haien aitortza izan nahi du.

Imanol Murua Uria atzo, Donostian, liburua eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bi gizonezko ezpata eskuan borrokan eta beste lau inguruan begira. Horixe da “Biba gorriac!” liburuaren azalak erakusten duena. «Marrazkiak harrapatzen du ezpataz batak besteari lepoa zulatzen dion unea. Erasoan ageri den ezpataria Charles Floquet da (1828-1896), Frantziako lehen ministro euskalduna, Donibane Garazin jaioa; eta berarekin ezpataren ziztada jasotzen ari den beste ezpataria George Boulanger (1837-1891) da, garai hartan Frantzia osoan politikari ezaguna, eskuindarra, militarra, populista eta oposizioko burua. Bezperan eztabaida parlamentario istilutsua eduki zuten. Boulangerrek Floquet ministroari gezurti deitu zion. Hark garai hartako moldean erantzun zion, duelurako desafioa eginez. Eta hurrengo egunean hantxe zeuden, elkarrekin borrokan», azaldu du. Orrien artean ere irudi ugari daude.

Imanol Murua Uriak (Zarautz, 1966) XIX. mendera egin du atzera “Le Reveil Basque” astekariak euskaraz landutako albisteak eta kronikak aztertzeko. Argitalpen errepublikazale elebiduna izan zen. 1886tik 1894ra aritu zen jardunean, Pauetik Ipar Euskal Herrirako idatzia. XIX. mende amaierako mundu aldakorrari “Le Reveil Basque” kazetak astez aste egindako argazkiari begira aritu da Murua. Euskarazko prentsa modernoaren aitzindaritzat jotzen da “Le Reveil Basque”. «Ez ziren izan euskarari leku egin zioten lehenengo hedabideak, baina bai gaurkotasun informatiboari astez asteko segimendua euskaraz egin zioten lehenak». Kazetari anonimo haien aitortza ere izan nahi du “Biba gorriac!” liburuak.