GARA Euskal Herriko egunkaria
36 METROKO NAZIOEN LIGA

Aritz Erkiagak beste urre bat eman dio Euskal Selekzioari

Ispasterrekoak 15-6 eta 15-10 irabazi zion Frantziako Olhanari. Nesketan, espainiar selekzioko Mugartegi txapeldun izan zen, Arakistaini 2-0 irabazita.

Ohorezko dantza txapeldunei. (M. MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Atzo 36 metroko Nazioen Ligako lehen finalak jokatu ziren Bilbon eta Barakaldon. Azkena gizonezkoen zesta-puntakoa jokatu zen, eta bertan Euskal Selekzioko Aritz Erkiagak bere bigarren urrea irabazi zuen, ekainean Gernikan jokaturiko Nazioen Ligan ere gailendu ostean.

Ispasterreko puntistak Frantziako Jean Olharan izan zuen aurkari finalean, baina partida erabakigarriak ez zuen ezustekorik izan, Erkiaga erraztasunez gailendu baitzitzaion Olhanari (15-6 eta 15-10).

Bigarren setean 7-5 hurbildu zitzaion Frantziako selekzioarekin lehiatu den kirolaria, baina bizkaitarrak ez zion aukerarik eman eta, arma guztiak erabiliz -9-5ekoa bi pareta bikain batekin egin zuen-, garaipena eta urrea lortu zituen.

MUGARTEGI, GELDIEZIN

Emakumeen finalean, espainiar selekzioko Erika Mugartegi txapeldun izan zen Ihart Arakistaini 15-12 eta 15-6 irabazita. Oso maila onean dagoela erakutsi zuen berriro ere Markina-Xemeingo puntistak -ekaineko binakakoan bezala, Gernikako Nazioen Ligan urrea lortu zuenean- eta 21 tanto eginda amaitu zuen; Arakistainek, aldiz, 12 egin zituen.

«Bigarren seta berdinduta hasi dugu, baina abantaila hartu dut. Urrezko beste domina bat eta pozik», adierazi zuen bizkaitarrak finalaren ostean.

Arakistain, aldiz, «zilarrarekin eta pilotalekuaren berotasunarekin» pozik eta gustura agertu zen, baina lehenengo seta galtzea «handicap» bat izan zela onartu zuen.

Pala motzekoan, Frantziako Dan Necol eta Sylvain Brefelek Euskal Selekzioko Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañezi irabazi zieten (6-15, 15-6 eta 4-10).