GARA Euskal Herriko egunkaria
NAZIONALISMOA IKERTUZ V. NAZIOARTEKO KONGRESUA

Gizateriaren erronkei, herri mailako erantzunak

Nazionalismoaz, eta mataza horretatik ateratzen diren hariez, luze eta zabal hitz egin dute EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatutako nazioarteko kongresuan. Ostegun arratsaldean, adibidez, krisi klimatikoa edo Sardiniako egoera abiapuntu hartuta, nazionalismoak egungo errealitatean dituen zenbait adierazpeni buruz hausnartu zuten.

Daniele Conversi, Jon Azkune eta Adriano Cirulli, ostegunean izandako hizketaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatuta, Nazionalismoari buruzko nazioarteko V. kongresua izan da ostegun eta ostiralean, Bilboko Bizkaia Aretoan. “Emergent sovereignties” (Subiranotasun emergenteak) izenburupean, estaturik gabeko nazioen nortasun-, lurralde- eta estatu-eraikuntzaz eta pil-pilean dauden gaiez eztabaidatu dute, betiere hizpide nagusiari helduta: nazionalismoari.

Hala, sezesio-prozesuen eta subiranotasunaren ikuspegi geoestrategikoa; feminismoa, intersekzionalitatea eta nazionalismoa; burujabetza digitala eta estaturik gabeko nazioak; nazionalismoa eta dekolonialitatearen teoriak; bai eta subiranotasunaren erronka berriak ere landu dituzte nazioarteko eta Euskal Herriko hainbat adituk.

Ariketa akademiko interesgarri horretan, “A Concept of the Past or a Relevant Analytical Tool? Nationalism in Question” izeneko mahai-ingurua izan zen ostegunean, lerroburuak laburbiltzen duen legez, nazionalismoa iraganeko kontzeptua den edo egungo errealitatea aztertzeko tresna baliagarria den aztertzeko. Horretaz hausnartzen aritu ziren Bergamoko Unibertsitateko irakasle Adriano Cirulli eta EHUko Ikerbasque irakasle Daniele Conversi, EHUko Jon Azkunek gidatutako solasaldian.

KRISI KLIMATIKOA ETA NAZIONALISMOA

Conversi “Cambiamenti climatici. Antropocene e politica” izenburua duen liburuaren egilea da, eta, hain zuzen, planetak bizi duen krisi klimatikoa eta nazionalismoa uztartu zituen geroxeago hainbat galdera eragin zituen berbaldian.

Hasteko, egungo larrialdi egoera zabal deskribatu zuen, hainbat datu emanda. Gogora ekarri zuen, adibidez, 2009an Johan Rockstrom zientzialariak gidatutako talde batek bederatzi mugarri identifikatu zituela -ozeanoen azidifikazioari dagokiona, lurraren erabileran, gasen isurketan, kutsaduran...-, inola ere gainditu beharko ez liratekeenak, hala gertatuz gero Lurraren oreka atzera-bueltarik gabe aldatuko litzatekeelako, eta nabarmendu zuen 2023an bederatzi horietatik sei gaindituta zeudela, besteetan egoera makurra dela eta klima aldaketak gaur kontrolaezina ematen duela.

Beste adibide batzuk aipatu ziren hitzaldian, berotze globalaz -Parisko Akordioan ezarritako helburuak lortzea ia ezinezkoa dela uste du Conversik-; muturreko fenomeno meteorologikoez; gehiegizko kontsumoaz; eta porlanaren erabilera masiboaz, besteren artean, eta klima aldaketa urrun dagoen kontua baino, dagoeneko esparru guztietan eragiten duen mehatxua dela adierazi zuen. Horri aurre egiteko oztopo nagusiak desinformazioa eta informazio faltsuak omen dira, eta, zehazki, krisi klimatikoaren ukazioa.

Larrialdiaren benetako ondorioak ezkutatzeak eta instituzioenganako konfiantza higatzeak klima aldaketaren aurkako borroka galgatu ez eze, eskuin muturreko nazionalismoa pizteko baldintzak ezartzen dituela dio italiar irakasleak. Ildo berean, petrolioaren, gasaren, ikatzaren, porlanaren eta automobilgintzaren lobbyen papera azpimarratu zuen, interes pribatuak nazio-interes gisa aurkezten baitituzte, beren irabaziak irabazi kolektibo gisa -Naomi Oreskes eta Erik Conway historialariek «zalantzaren merkatari» izendatu zituzten lobbyak 2010eko liburu entzutetsuan-.

Horiei hertsiki lotuta, «baliabideen nazionalismoa» agertzen dela uste du; hots, herrialde batek bere baliabide naturalak, energia iturri fosilak, adibidez, irmo kontrolatu eta bere interes estrategikoen mesedetan erabiltzeko xedea duen jardun politikoa. Saudi Arabia, Polonia, Errusia eta Trumpen AEB, horren adibide.

NAZIONALISMO BERDEA

Horri kontrajarriz, «nazionalismo berdea» dei daitekeen fenomenoa aipatu zuen italiar adituak; hau da, klima larrialdiari erantzuteko herrialde baten energiak bideratzeko gai den nazionalismo mota bat, betiere gizateria osoaren ongizatea helburu duena.

Nazionalismo berdea, Conversiren ustez, aurretik existitu izan diren eta lurralde jakin baten defentsari lotuta egon diren (eta dauden) mugimenduetatik desberdindu behar da eta ezaugarri politiko desberdinak dituzten hiru esparrutan topa daiteke. Lehenengoa, «estaturik gabeko nazio eredugarriak» izango lirateke, non nazionalismoa krisi klimatikoaren gaineko kezkatik eta horri aurre egiteko borrokaren beharretik oso gertu dagoen.

Estaturik gabeko nazioak bakarrik ez, estatu-nazio eredugarriak ere badaude, «non jasangarritasunak harreman politiko eta sozialak blaitzen dituen». Herrialde demokratikoak, edo sozial-demokratikoak, ongizate eredu indartsua dutenak, izango lirateke horiek. Halaber, nazionalismo berdeak lekua izan dezake «nazio-estatu ez demokratiko edo autoritarioetan» ere, krisi klimatikoaren larritasunaz jabetu eta hari erantzuteko neurriak hartzeko prest daudenetan.

Egoera klimatikoa eta sistema politikoak uztartzeko ariketa horretan, EHUko irakasleak «fosil-faxismo» deritzo- na ere mahaira eraman zuen, erregai fosilen interesak eta horien ondorio suntsigarrien ezeztapenak bultzatutako eredua izango litzatekeena.

Izan ere, faxismoaren sorkuntzan gezurrek eta arduren ukazioek garrantzi handia dute, eta, duela mende bat Lehen Mundu Gerrak eragindako giza sufrimenduaren ukazioak faxismoa hauspotu zuen moduan, gaur egun klima larrialdiak eragiten duen sufrimenduaren ukazioa pairatzen dugu.

SARDINIAKO ESPERIENTZIA

Conversik ez bezala, Cirullik lurralde jakin batekin lotu zuen bere hitzaldiaren mamia, berak bikain ezagutzen duen Sardiniarekin, hain justu. Mediterraneoko herrialdeak kolonialismoaren aurka egindako lanaren berri eman zuen, ikuspegi politiko-administratiboa baina izaera sozial eta ekonomikoa ere baduen borroka.

Sardinian ondo oroitzen dute oraindik duela mende erdi pasatxo -1969an- Orgosolon izandako errebolta antimilitarista, Rivolta di Pratobello gisa ezaguna dena. Ordura arte artzainek erabiltzen zuten ingurune batean soldaduek praktikak egiteko tiro-eremu bat eraikitzeko asmotan zebiltzan italiar agintariak, eta horren berri jakitean asanbladak eta mobilizazioak abiatu zituzten.

Ekainean, Orgosoloko milaka lagunek Patrobelloko lautadara martxa bat egin eta eremu horiek okupatu zituzten. Ekimen baketsua izanagatik, militarrek herritarrak inguratu zituzten, eta hainbat atxilotu izan ziren. Gatazkak zenbait egun iraun zuen, Erroman negoziazioak izan ziren eta, azkenean, estatuko agintariek onartu zuten tiro-eremua aste batzuen buruan desegitea.

Borroka hori herri-erresistentzia baketsuaren eredutzat hartu izan da, ez bakarrik Sardinian, baita Europan ere, eta haren itzala herrialde horrek gaur egun aurrean dituen beste erronketaraino heltzen da.

Izan ere, kolonialismoa ez da iraganeko kontua; gaur egun ere existitzen da, forma desberdinak hartuta eta eragile anitzek bideratuta; enpresa erraldoiek, adibidez. Sardinian, herritarrek eurek edo beraien ordezkari zuzenek erabaki ez dituzten hainbat egitas- mo ezarri nahi izan dituzte azken urteetan. Energiaren ekoizpenaz eta kudeaketaz arduratzen den sektorea, industria kimikoa, elikagaien industria... nazioarteko hainbat enpresa handik begiz jo dute herrialde hori, eta horrek herri-erreakzioa eragin du, izaera antikoloniala eta neurri batean antikapitalista ere hartu duena.

Energiari buruz, Cirullik esan zuen sardiniar asko kexu dela bertan ekoiztutako energia kanpoko eragileen mesederako kudeatzen delako, eta trantsizio energetikorako beste eredu bat nahi dutela, demokratikoa eta parte hartzaileagoa izan beharko lukeena.

Herri-borroka hauetako askoren atzean, burujabetza handiago baten eskaera ageri da, besteak beste baliabideen kontrola auzitan dagoelako eta, horrekin batera, nork erabakitzen duen zer eta non ezarri.

THINK GLOBAL, ACT LOCAL

Hasierako azalpen horien ostean, galderen tartea iritsi zen, eta moderatzaile lanak egin zituen Azkunek bota zuen lehenengoa, auzi honetan urak norantz doazen jakin nahian, ikuspegi globaletara edo lurraldeari atxikitako erantzunetara. Cirullik bi ikuspegien arteko oreka aurkitu beharko dela esan zuen, eta gogora ekarri zuen azken urteetan testuinguru desberdinetan erabilia izan den baina galderari horri erantzuteko aproposa izan daitekeen esaldia: «Think global, act local».

Conversik luze jardun zuen honen gainean -iritzi truke interesgarria izan zuten bi hizlariek subjektu politikoaren inguruan-, baina garrantzi bere- zia eman zien egungo testuinguruan informazio faltak edo informazio faltsuek dituzten ondorioei, eta, zehazki, faxismoaren gorakadari. «Eskuin muturra gezurren munduan bakarrik existitu daiteke», esan zuen, eta Mussolini diktadoreak boterea eskuratzean egin zuen lehen gauza «egia suntsitzea» izan zela gogoratu zuen. Beraz, egiaren alde borrokatzeko eskatu zuen.