30 NOV. 2025 PILOTA Unai Lasok egurra eman eta sua piztu du Lizarrako pilotaleku hotzean Nafarrak era guztietako tantoak egin ditu lesioaren ostean jokatutako txapelketako bigarren partidan. Atzean, Albisuk erakustaldia eskaini du. Lasok era guztietako tantoak egin zituen atzo Lizarran. (Jon URBE | FOKU) Imanol CARRILLO Lasok eta Albisuk aurtengo Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu zuten atzo, bigarren jardunaldian Jaka eta Iztuetari oso erraz gailenduta (6-22). Lizarrako Remontival pilotaleku hotzean, aurrelari nafarra izan zen sua piztu zuena, eta bere bikotekide Albisuk ere bikain lagundu zion atzean, kolpe ikaragarriak joz eta atzeko koadroetan aurkari izan zuen Iztueta atzean eta deseroso mantenduz. Bitik bi. Bikain hasi dute Lasok eta Albisuk aurtengo txapelketa, eta Bizkarreta-Gerendiaingo eta Ataungo pilotariek oso bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten berriro ere atzo. Lehen jardunaldian Larrazabal-Mariezkurrena II.a bezalako bikote gogor bat 22-21 menperatzeko gai izan ziren Jaka-Iztueta, berriz, ezinean aritu ziren atzo. Laso gogotsu heldu da Binakakora. Iaz txapeldun izan ostean Lau eta Erdiko Txapelketari uko egin behar izan zion belauneko ebakuntzatik guztiz osatu gabe zegoelako, baina, behin kantxetara itzulita, badirudi, debutariek bezala, mundua jan nahi duela. Atzo bera izan zen protagonista nagusia. Hamar tantorekin amaitu zuen lehia -sakez beste bi egin zituen-, eta norgehiagokaren erritmoa berak jarri zuen. ERAKUSTALDI LATZA Era guztietako tantoak egin zituen nafarrak -sake errematean, ezker gantxoz, ezker airez txokoan...-, aurkariak beti jokoz kanpo utziz -Jakak ia ez zuen pilota usaindu ere egin-. Atzean, gainera, konfiantza handiz ari den Albisuk bikain erantzun zion, eta errebote bat ere jo zuen; hala, atzokoan oso deseroso aritu zen Martxel Iztuetak asko sufritu zuen aurkarien pilotakadei erantzuten eta pilota jotzen. Egia esan, tolosarrari kosta egin zitzaion atzetik Lasori pilotak kentzea, eta nafarrak ezin hobeto aprobetxatu zuen. Urdinak 0-12 aurreratu ziren, konturatu orduko partida erabakita utziz. Hain motibatuta zegoen Laso, sartu behar ez zuen pilota batean huts eginda etorri zela gorrien lehen tantoa. Hala ere, Jaka-Iztueta ez ziren gai bi tanto jarraian egiteko. 3-20koan eta 4-20koan lortu zuten, baina beranduegi zen jada. GAUR, EIBARRENEdizio hau ixteko orduan, Artola-Imaz eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a bikoteen arteko partida jokatzen ari zen oraindik Oiartzunen. Eibarreko Astelenan itxiko da gaur bigarren jardunaldia, Altuna III.a-Ezkurdia eta Elordi-Zabaleta bikoteen arteko partidarekin.