01 DéC. 2025 Animaliarik gabeko azokak Eibar eta Azkoitian; Lizarra, salbuespen Aurtengo San Andres eguneko azokak bereziak izan dira, behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra dela-eta animaliarik gabe egin baitira Azkoitian eta Eibarren. Lizarrakoa izan da salbuespena, larunbatean. Giroa, ordea, ezin hobea izan da hiru herrietan. Azkoitian giro ederrean igaro zuten atzoko San Andres Eguna. (Jon URBE | FOKU) GARA BILBO Azkoitian, Eibarren eta Lizarran egun handia izan zen atzokoa, San Andres eguna ospatu baitzuten, nekazaritzari eta baserrik giroari estuki lotutako jaia. Azkoitian, feriaren jatorria XVIII. mendekoa da eta ez da egun bakarrera mugatzen. Atzoko egunak badu, beraz, zerbait berezia, bereziki Azkoitian eta Eibarren. Bustita esnatu zen eguna Gipuzkoako txoko horietan, baina, izan ziren aterruneak baliatuta, herritarrak posturik postu ibili ziren, giro ezin hobean. Aurtengo San Andres eguna, hori bai, oso berezia izan zen; behien artean zabaldu den dermatosi nodular kutsakorra dela-eta, animaliarik gabeko azokak egin behar izan baitzituzten. Azkoitian elizaren atarian eta Plazaberrian dozenaka artisau eta nekazarik jarri zituzten postuak. Eibarren, berriz, ohi bezala, Txaltxa-Zelain eta Untzaga plazan banatu ziren inguruetatik etorritako baserritarrak eta artisauak. Herri kirolek, pilota partiduek eta erromeriak osatu zuten eguneko eskaintza. Lizarran ere egun handia izan zen atzokoa, Lizarrako Ferietako azken eguna zelako. Jai giroan, erraldoi eta buruhandiak atera ziren, besteak beste. Bezperan, berriz, azoka egin zuten, animalia eta guzti. Hori bai, Lizarran ere azokaren egitura aldatu behar izan zuten, debekuagatik zaldirik gabe egin baitzen. Eskulangintza eta etxeko produktu guztiak Santiago plazara eraman zituzten, eta, Foruen plazara, berriz, larru, motozerra eta forja erakusketa desberdinak. Salbuespena Zahori hipikarena izan zen, animaliak erakusteko baimena lortu baitzuen: ardi, ahuntz, poney eta dozenaka zaldirekin miniferia bat osatu zuten.