02 DéC. 2025 Arantza Plazak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari Arantza Plazak bertsolaritzaren transmisioan egindako lanari eskertza egin nahi izan dio Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta, hala, gizaburuagarrak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari, abenduaren 20an Bilbon jokatuko den finalean. Plazak 2022an hartu zuen erretiroa. (XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA) GARA BILBO Arantza Plaza izango da 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako garaileari txapela jarriko diona. Modu horretan, Plazak bertsolaritzaren transmisioan egindako lanari eskertza egin nahi zaio Bizkaiko Bertsozale Elkartetik, astero bertsolaritza irakatsi izan baitu herrietako ikastetxeetan, ‘‘Mundu bat bertso’’ programaren barruan. Arantza Plaza Zamora (Gizaburuaga, 1958) 2004an hasi zen bertsolaritza irakasten eta 2022ra arte aritu da. Bertsozaletik azaldu zutenez, Bizkaiko elkartean laneko erretiroa hartu duen lehenengo langilea izan da: «Garai bakoitzeko errealitateari erantzun behar izan dio bi hamarkada luzez. Hainbat errealitate ezagutu ditu: egoera soziolinguistiko desberdinak, eskola handi zein txikiak, hiriburua eta herriak... Kasu guztietan ederto moldatu da. Bere esanetan, bertsoak asko laguntzen du euskarara gerturatzeko; baita kantuak ere, umeekin konektatzeko altxorra delako». Euskararekiko jarrera positiboa indartzeko egindako ahalegina ere nabarmendu zuten: «Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena». Elkarteko beste proiektutan ere egin du ekarpena: Bizkaiko bertsolaritza lantzeko eta elikatzeko dokumentazio lanetan ibili da; tartean, “Bizkaiko Bertsogintza IV” liburuko dokumentazioan. Txapelketa ere gertutik bizi izan du. Bizkaiko Txapelketetan boluntario, eta etxekoak eta lankideak ere izan ditu oholtza gainean. Laneko erretiroa hartu badu ere, ziurtatu dute bertso munduari «oso lotuta» jarraitzen duela, eta esan beharra dagoela «lankide, ikasle, eta elkarteko kideek asko maite dutela». ABENDUAK 20Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan. Plazak jarriko dio txapela irabazleari, 2004an hasita bertsolaritza zabaltzen egindako ahalegina eskertzeko.