02 DéC. 2025 KOLABORAZIOA Bigarren trantsiziorako aukerak? Tasio ERKIZIA Ezker abertzaleko militantea Duela egun gutxi ospatu dugu Francoren heriotzaren 50. urteurrena; egun batzuetan ahotik ahora ibili den notizia izan da, eta, egia esan, komunikabide gehienetan garrantzi berezia eman zaio. Notizia garatu da, baina eztabaida politikoa alboratuz. Gertaerari garrantzia eman zaio, baina klabe politikoak baztertuz. Datak aipatu dira, baina haien gaurkotasuna isilduz. Berriro aukera galdu da eztabaida politiko sakona egiteko, izan zena zer izan zitekeen aurrez aurre jartzeko gaitasunik gabe. Nik dakidala, behintzat, ez da eztabaida bakar bat ere egin ikusmolde desberdinak kontrastatzeko eta argitzeko. Eta oraindik ere beharrezkoagoa dena: ez da aztertu egungo egoera politikoak orduko erabakiekin duen lotura estua. Francok «dena lotuta eta ondo lotuta» utzi zuen. Eta horrela, Trantsizio deitu zen garaian, frankismoaren oinordekoek pausoz pauso bideratu zuten prozesua, tirabirak eta zenbait gorabehera tartean izan zituztelarik, baina marra gorriak aski ongi markatuz: nazio bakarra, Nafarroaren bazterketa eta merkatu librea oinarritzat harturik bideratu zuten. Bistan da Trantsizioan nortzuek markatu zituzten eman beharreko pausoak eta «demokraziak» errespetatu behar zituen mugak. Helburua, frankismoari jarraipena ematea, ahalik eta aldaketa txikienak eginez. Horren aurrean, ezker abertzaleak frankismoarekiko haustura demokratikoa eskatzen zuen, bai eta gure naziotasuna onartzen zigun autodeterminazio eskubidea, Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batera hartuko zituen autonomia estatutuaren bidez. Eta, horrekin batera, Guardia Zibila, Polizia espainola eta epaile frankistak baztertzea. Bakarrik borrokatu ginen. Han eta hemen, borroka molde batzuekin zein besteekin, Estatuari aurre egin genion. Halere, ahaleginak eta bi egin arren, ez genuen lortu haustura demokratikoa burutzea, eta frankismoa “zuritzera” mugatu ziren. Gainera, larrutik ordaindu genuen gure ausardia. Beste alderdi politikoen aldetik -izan PSOE, PC, PNV, Kataluniako indar politikoak zein Galiziakoak- ez zen iniziatiba politikorik hartu. Bakoitza bere interesaren arabera, negoziatzera mugatu ziren; frankismo “zurituari” aurre egin ordez. Inoiz eta ezeren aurrean ez zuten herria mobilizazio zabaletara deitu eta ezta bloke soziopolitiko baterako deialdi publikorik egin. Alderdi politiko horien aldetik ez zen proposatu alternatiba politiko zehatzik, ez zuten bultzatu askatasun demokratikoak borrokatzera, eta jarrera otzandua lehenetsi zuten. Oraingo egoera ikusirik, ez dago zer hausnartzerik? Frankisten inpunitatea onartzeak ez du ondoriorik izan? Gaur egun, norbaitek uka dezake Estatu espainolak, berriro ere, krisi larria bizi duela? Ez da egia “togadun politikoek” gerra deklaratu diotela Pedro Sanchez buru duen Gobernuari? Dudarik ba al dago UCOren bidez Guardia Zibilak Gobernuaren aurka hartu duen jarreraz? Epaileak Gobernuaren aurka eta Gobernua epaileen aurka mokoka ikusiz, jarrai dezakegu sinesten botereen arteko independentzian? Aznar presidente ohia aski argi mintzatu zen: «quien pueda, que haga», eta epaileak oldartu dira Gobernuaren aurka, bereziki Amnistiaren Legea jopuntuan jarriz. Eta berdin zaie Auzitegi Konstituzionalak hau edo bestea esatea edo Europako Auzitegi Goreneko abokatuak Europako parametroen arabera guztiz legala dela aitortzea. Eskumak ez daki hauteskundeak galtzen. Ez du onartzen, Europako estatu gehienetan eskuma egon arren, ez diotela zenbakiek ematen Espainiako Estatuan gobernatzeko. Presa du boterea lortzeko eta prest da edozein bide erabiltzeko, helburua erdiesteko. Ez dute amore emango. Beraz, iraganeko denbora ilunetara itzultzeko arrisku bizia dago. Beraien asmoak garbiak dira, eta estrategia ere ez dute ezkutatzen: nazio eta hizkuntza bakarra; askatasun nazionala aldarrikatzen dutenentzat kaiola edo kartzela; emakumeentzat sumisioa; etorkinak, kanpora; langileentzat prekaritatea eta miseria... Horren aurrean, zer? Epelkerian eta norberaren zilborrera begira jarrai dezakegu? Bidegurutze honetan estrategia argia edukitzea ezinbestekoa da: Felipe Gonzalezek edo erregeak esaten duten bezala, «recuperar la filosofía de la Transición» edo herrien eta pertsonen askatasun demokratikoak errespetatuko dituen aldaketaren aldeko apustu irmoa egitea. Atzera egin edo bigarren aukera aprobetxatu? Horra hor begi aurrean agertzen zaigun erronka. Berriro huts egingo da, ala gai izango gara eraldaketa politiko eta sozialaren bidean indarrak bilduz ausardiaz jokatzeko? Arnaldo Otegik, azaroaren 22ko Bilboko manifestazioan, argi jarri zituen oinarriak: EH Bildu prest dago indarrak biltzeko eta estrategia adosteko. Bidea ez da Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituen PP bezalako alderdiekin paktuak egitea; estrategia eta urratsak adostu behar dira, bertako zein Espainiako beste nazioetako antifaxistak eta plurinazionalak diren indar politikoekin, eta ekin, ekin eta ekin. Bigarren aukera dugu, korapiloa askatzeko bidean, bultzada berriak emateko. Etorkizuna dugu eraikitzeko. Atzera egin edo bigarren aukera aprobetxatu? Horra hor begi aurrean agertzen zaigun erronka