03 DéC. 2025 Ajoarriero, alioli edo halal, Euskaltzaindiaren hiztegian Euskaltzaindiak berritu egin du, beste behin, bere hiztegia, urtean birritan egiten dituen ohiko eguneraketen bidez. Azken bi ekinaldietan 1.500 forma berri gehitu ditu eta, horrela, orotara, 52.000 forma baino gehiago bildu ditu dagoeneko. Aurtengoan sukaldaritzarekin lotutako hiztegia ontzean eta eguneratzean jarri du arreta berezia. M.A. Euskaltzaindiaren hiztegiaren eguneratze prozesua etengabea da, eta helburua da euskararen erabileraren eta gizartearen bilakaeraren argazki zehatza eskaintzea. Miriam Urkia hiztegiaren arduradunaren arabera, hiztegia oinarri sendoa duen lan kolektiboa da, baina etengabe berritu behar da. «Azken sei hilabeteetan formak zuzendu, osatu eta egokitu ditugu; hiztegi batek bizirik egon behar du, eta gure lana hobekuntzan jarraitzea da», adierazi du. Arestian aipatu azken bi eguneraketetan, Euskaltzaindiak 1.500 forma baino gehiago egokitu edo osatu ditu, eta adiera, adibide eta esaera berriak gehitu. Hala, gaur egun, hiztegiak 70.000 adiera, 116.000 adibide eta 519 atsotitz jasotzen ditu. 2016. urtean argitaratu zen azkenekoz paperean, eta ordutik sei hilean behin eguneratzen da, urtarrilean eta ekainean, hain justu. Hiztegiaren bilakaerak hizkuntzaren bizitasuna islatzen du, eta azken hilabeteetan hainbat forma berri gehitu dira, hala nola botox, bazterketa sozial, somnanbulu, karbono-14, eutsi goiari, plugin, spoiler, ludopata, justaposizio, txute eta zeladore. Euskaltzaindiaren arabera, helburua ez da soilik hitz berriak gehitzea, baizik eta lehendik dagoen edukiari sakontasuna eta zehaztasuna ematea. SUKALDARITZA TERMINOAK Azken eguneraketan, Euskaltzaindiak arreta berezia jarri nahi izan dio sukaldaritzarekin lotutako hiztegigintzari, izan ere, arlo horretan hutsune nabarmena antzeman dute. Urkiak azaldutakoaren arabera, oraingoan sukaldaritzari lotutako azpikontzeptuetan sakondu dute, eremu horretan gabezia handia zegoelako eta hitz asko corpus orokorretan galduta zeudelako. Eguneratze horretan lehen aldiz jaso da hainbat elikagai, plater eta sukaldaritza teknikaren terminologia, besteak beste: ajoarriero, guakamole, alioli, broxeta, errukula, fideua, fumet, halal, carbonara, kinoa, pisto eta entsalada errusiar. Horrez gain, Euskal Herriko gastronomiarekin lotutako beste zenbait forma ere gehitu dira, hala nola, saltsa bizkaitar, txipiroi(-)tinta eta opil industrial. Urkiaren esanetan, «sukaldaritzako lexikoak euskararen eguneroko erabileran presentzia handia du, baina orain arte ez zegoen modu sistematikoan bilduta». Euskaltzaindiak, beraz, euskararen erregistro informal eta herrikoiak jasotzeko urratsa egin du, gaur egungo hizkuntzaren isla osatuagoa eskaintzeko asmoz. GARAI BERRIEN BEHARRAK Azken eguneratzean gehitutako hitzek erakusten dute euskarak gizartearen aldaketetara egokitzeko gaitasuna duela. Globalizazioaren ondorioz zabaldutako hainbat forma (ziborg, topless edo reggaeton…) hiztegiaren parte dira jada, eta euskararen dinamismoa eta moldatzeko gaitasuna agerian uzten dute. Azkenik, esan beharra dago terminologia berria txertatu eta eguneratzeaz gainera, Euskaltzaindiaren hiztegi digitalak bilatzaile zehatzagoa eta bilaketa aurreratuen aukerak gehitu dituela, hitzak eta haien esanahiak errazago aurkitzeko. Hobekuntza horiek hiztegi digitala tresna erabilgarriago eta irisgarriago bihurtu dute, eta gaur egun euskararen ezagutzarako erreferentzia dira. Sukaldaritzari lotutako sarrera eta azpisarrera berriak ahuntz(-)gazta ajoarriero ajoarriero bakailao alioli anakardo arrautzesne arroz(-)odolki azafrai(-)izpi azkenburuko azukre beltz azukre zuri baba berri banilla(-)leka baratxuri fresko behi(-)gazta broxeta boilur beltz boilur zuri carbonara carpaccio cherry tomate donut entsalada errusiar entsalada misto errukula eskalibada eskalope espelta falafel fettuccini fideua fruitu lehor fumet gainberotu gainerre gazta urdin glas azukre guakamole halal hazi(-)olio hidroponiko hostopil hummus irris(-)esne kalderete kanela(-)zotz karamelizatu kinoa koipegabetu koipegabetzaile kukurutxo kurkuma kurrin mascarpone moldeko ogi mortadela mozarella natxo ogi arrailetan pasatu ogi birrindutan pasatu ogi zahar oliba(-)olio birjina paella(-)ontzi panaxe panettone pastel(-)krema piper txorizero piperbeltz beltz piperbeltz berde piperbeltz zuri piperrauts beltz piperrauts gorri pisto potxa prekozinatu raf tomate risotto roquefort salmorejo salteatu saltsa berde sueztitu tartaleta tenpura tiramisu txilindron txokolatina zapore(-)indartzaile