03 DéC. 2025 Euskarazko mundu digitalean murgildu dira ehunka gazte Iruñerriko hainbat ikastetxetako 700 bat ikaslek hartu dute parte aurten Sarean Euskaraz programaren IX. edizioan. Euskarabideak antolatzen duen ekimenaren helburu nagusia da gazteak teknologia berrietan euskaraz heztea, trebatzea eta gure hizkuntza ingurune digitalean txertatzea. Ikasleek errealitate birtuala bezalako arloak lantzeko aukera izan zuten. (EUSKARABIDEA) M.A. Hainbat eta hainbat ikasle, irakasle eta teknologia arloko dinamizatzaile bildu ziren urrian Nafarroako hiriburuko Baluarte biltzar jauregian bi egunetan zehar egin ziren jardunaldietan. Inaugurazio ekitaldira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Euskarako kontseilaria eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea bertaratu ziren. Ollok azpimarratu zuenez, «gazteek euskaraz bizitzeko aukera izan behar dute baita sarean ere». Hala, adierazi zuen Sarean Euskaraz ekimena horixe lortzen laguntzeko antolatzen dela. Egitasmoa hiru gune nagusitan antolatu zen: Ikas, Era eta Jolas izenekoak, hain justu. Lehenengoan, ikasleak zortzi tailer praktikotan aritu ziren, eta horietan musika digitalaren ekoizpena, argazkigintza, bideo sorkuntza, robotika, programazioa edota errealitate birtuala bezalako arloak lantzeko aukera izan zuten. Bigarren eremuan, zenbait adituk hitzaldi interaktiboak eskaini zituzten, eta gai ugari jorratu zituzten, hala nola sareko segurtasuna, arrasto digitala eta sare sozialen erabilera arduratsua. Hirugarren gunea, azkenik, gazteentzako erlaxaziorako eta lehiarako espazioa izan zen. Bertan, Egunean Behin jokoaren erronkak, Breakout talde jolasak, eta musika emanaldiak izan ziren gozagai, giro ludiko eta entretenigarrian. DBHko 4. mailako eta 1. batxilergoko ikasleei zuzenduriko ekintzak izan ziren, eta horien xedea gazte eta nerabeak teknologiarekin jolastea, euskararen erabilera sustatzea eta ingurune digitalean trebetasun berriak eskuratzea izan zen. IKASI ETA SORMENA PIZTU Euskarabidearen arabera, ekimenak teknologiaren erabilera ludikoa eta hezitzailea uztartzen ditu, eta gazteek euskarazko kulturaren adierazpide digital berriak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Nabarmendu nahi izan zuten, halaber, Sarean Euskaraz egitasmoa gazteen artean euskararen prestigioa eta erabilera soziala indartzeko tresna dela. Era berean, esan beharra dago ekimen hori jada ezagun egin dela gure mugetatik kanpo ere. Izan ere, Europako Kontseiluak 2021ean aitortu zuen Sarean Euskaraz jardunbide egokia dela eskualde eta estatuetako hizkuntza gutxituen sustapenean. Etorkizunari begira, Euskarabideak adierazi du programak jarraipena izango duela eta eduki berriak garatzen ari direla, eta horien artean daude adimen artifizialaren oinarriei eta segurtasun digitalari buruzko tailer berriak. ESKUTIK Sarean Euskaraz egitasmoak argi eta garbi erakutsi du teknologia berriak eta euskara eskutik joan daitezkeela, eta gazteak ere gogotsu ari direla euskarazko mundu digitala eraikitzeko bidean. Azken horien hitzetan, Baluarten egindakoa esperientzia «dibertigarria eta erabilgarria» izan da, eta gehienek nabarmendu dute tailerretan ikasitakoak euren eguneroko bizitzan aplikatzeko modukoak direla. Azkenik, esan beharra dago Euskarabidearen jomuga dela ekimena sendotu dadila eta Nafarroako Foru Komunitateko gazteen ahalik eta kopuru handienarengana heda dadila, euskarazko kultura digitala gero eta zabalagoa eta errotuagoa izan dadin. Izan ere, proiektuaren funtsa eta mezua argiak dira: posible da etorkizun digitala euskaraz ere eraikitzea. ekimenaren helburu nagusia da gazteak teknologia berrietan euskaraz heztea, trebatzea eta gure hizkuntza ingurune digitalean txertatzea.